Beñat Gaztelumendi: 'Bost irakaspen Askegunetik'
Hutsik dago Bulebarra; bikote maiteminduak eseri dira berriz erlojuaren azpiko eskaileretan eta eskale koadrila bat eseri da bankuetan. Baina ezer ez da izan zena izango joan zen ostiralaren ondoren; Askeguneak bost irakaspen behintzat utzi dizkigu.
Askegunea ez da erresistentzia gune bat soilik izan; ideia berriak eraiki eta isilduta zeudenak azaleratu ditu. Horregatik, eskola paregabea izan da etorkizuneko belaunaldientzat, izandako erantzunaren pareko konpromisoa eskatuko baitu etorkizunean, gaztedia eramaten dioten herriak gerorik ez daukala jakinda.
Eskolan hatza altxatuta hitz egiten ikasi genuen, galdera ezerosorik ez egiten, aurrez buruz ikasitakoa idazten, besteren irizpideen arabera ebaluatuak, epaituak izaten. Herri harresia eraikita, desobedientzia ez dugu Madrilgo legeen eta poliziaren kontra soilik egin; inertzia eta beldur pertsonal askorik egin diegu aurre.
“Irabazi dugu” oihukatu zen ertzainek alde egin ondoren, baina garaipen kolektibo horrek drama partikular asko dauzka bere oinarrian; eraman zituzten zazpi (hitzok idazten ari naizen unean behintzat bai) lagunen familiako eta lagun guztiei eragiten baitie (besarkada handi bat denentzat). Hiriarentzat ere sei urterako galera izugarria dira sei gazte mugitu, kritiko eta eragile horiek.
Kazetaritzaz ere lezio batzuk eman dizkigu; ertzainen aurrean edo atzean jarri baitira kamerak; herri harresiaren barruan edo kanpoan. Egiak beti du bere kokapena, ez da ertzik gabea. Ertzekoa bai batzuetan. Gertakizunak, ordea, berdinak dira denentzat. Eta ez dakit kazetariak baztertu nahi zituzten horiek egiari beren kolorea eman edo gertakizunak ezkutatu nahi zituzten.
Gizatasunetik eraiki da harresia. Urte gehiegitan egin da politika erraien herratik edo buruaren hoztasunetik soilik. Garai berriek sabela baino gorago eta burua baino beherago dagoen gune horrek aritzea eskatuko diguten denoi. Maitasuna eta elkartasuna ere izan baitaitezke kontzeptu politiko.
Eta, behin lo-zakuak etxera itzulita, zer da gelditzen dena? Denborak eta norbere konpromisoak emango dio bere benetako neurria; orduan jakingo dugu Askegunea askeune soilik izan zen edo ez. Momentuz, besarkada handi bat herri honen etorkizunari esperantzaz begiratzeko hainbeste motibo eman dituzuen guztioi.