Beste baten bila
Berrexerka taldeak Nahastumbury emanaldia estreinatuko du gaur Egiako Gazteszenan. Esan beharra daukat, azken asteetako albisteetatik zaila egiten zaidala zerbait positiboa idaztea. Gezurrak, desinformazioa, obsesio paranoikoa eta deshumanizazioa gizartearen sektore ultretatik atera eta bete-betean asimilatu eta gauzatu dituzte Donostiako hainbat herritarrek. Noski, askok ez dute euren burua arrazistatzat jotzen, eta segurtasuna aldarrikatzen dutelako sartu dira hain famatua bihurtu den Telegrameko kontu horretan. Argitaratu diren mezuak ikusita, norekin elkarbizitzen dugun plantatzen hasi beharko ginateke, eta ea halakoekin gainerakoen segurtasuna non ote dagoen.
Horregatik, txarraren gainetik, espazio bat eman nahi diot hain zoriontsu egiten nauen emanaldi berri honi. Ezagutzen ez duenarentzako, hau da Berrexerka: bakarrizketak, antzerkiak eta esketxak uztartzen dituen ordubeteko umorezko emanaldia. Noski, gazteengandik gazteentzat euskaraz sortua. Hau irakurtzen ari denari eta gaur —ostirala— edo bihar —larunbata— etortzekoa denari eskerrak eman nahi dizkiot aretoa betetzeagatik.
«Jendea algaraka entzuteak pozez zoratzen gaitu eta emanaldi bakoitzari dedikatutako esfortzu, gogo eta ilusioa partekatzen dugula konturatzen gara»
Kasu hauetan, normala den moduan, estreinaldi baten aurretik nagusi izaten da urduritasuna, hain zuzen ere, publikoaren aitortza jaso gabe dagoenez, «ulertuko da txistea?» etengabe errepikatzen den galdera da. Badira ia sei urte Maialenek eta Mikelek heroien pelikulen antzera errekrutatu gintuztela. Orduan elkar ezagutzen ez bagenuen ere, txiste bakoitza ulertu zedin idatzi eta antzeztu dugu, lanorduak eta aisialdia dedikatu dizkiogu eta ahalik eta euskarazko ikuskizun entretenigarri eta umoretsuena egiten saiatu gara. Kostata bada ere, Donostiatik atera gara eta badirudi asmatu dugula umorearekin.
Jendea algaraka entzuteak pozez zoratzen gaitu eta emanaldi bakoitzari dedikatutako esfortzu, gogo eta ilusioa partekatzen dugula konturatzen gara. Umorea egitea zaila da, batez ere oholtza baten gainetik, baina Gazteszenako publikoak erosi digu zer jaso nahi duen. Ea oraingo honetan asmatzen dugun berriro ere!