Besterik ez
Abuztuaren 15a dut gaurkoa, eta Flamenkan dantzan egon ordez, gorputzari eta buruari barealditxoa emateko gogoz eta beharrez etorri naiz gurasoenera. Barealditxoa, ni bai inozentea. Idealista, Fotocasa, Yaencontre eta Pisos.com ireki ditut aitaren pantaila zaharrean. Desesperazioa, frustrazioa eta nazka sentitzen ditut. Honakoa da panorama:
– 795€, loft, 17 metro koadro, Ibaeta.
– 839€, loft, 19 metro koadro, Ibaeta.
– 950€, bi logela, ikasleentzako irailetik ekainera, 45 metro koadro, Gros.
– 990€, logela bat, 35 metro koadro, Erdialdea.
– 1.000€, bi logela, ikasleentzako irailetik ekainera, 75 metro koadro, Egia.
– 1.050€, logela bat, 40 metro koadro, Igeldo.
– 1.100€, bi logela, abuzturako edo Aste Nagusirako, 55 metro koadro, Erdialdea.
Hiri gentrifikatu eta masifikatu honek duen arazo nagusienetakoa etxebizitza da, zalantza barik. 29 urteko antiguatarra naiz ni. Kazetaria eta denetarik egitekoa naiz ni. Izugarrizko indarrarekin eta pasioarekin bizi dut bizitza eta hamar urteren ostean, nire jaioterrira itzuli naiz, etorkizunari hemendik begiratzeko ilusioz. Baina nola egin: Interneteko alokairuetako webgune hauetan sartu eta dagoen egoera ikustea besterik ez dago. Alokairuan dauden etxeen gehiengoa turistentzat —denboraldi baterako alokairua— edo ikasleentzat —irailetik ekainera bitarteko alokairua— bideratuta dago.
«Nekatuta nago, jada. Desesperatuta, frustratuta eta nazkatuta. Noiz arte egoera hau? Noiz arte etxebizitza prekarietate hau? Noiz arte frenesi eta gehiegikeria hau?»
Ez dut egoera inondik inora ulertu nahi. Ez dut onartu nahi. Eta ez ulertzea eta ez onartzea seinale ona dela esango nuke. Politika publiko hauekin bat ez egiteak lasaitzen nau. Dirua eta… dirua dira gure erakunde publikoen interes nagusiak; izan ere, egoera beste modu batera izango balitz, egungo Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, ezkertiar langileon eskakizunak babestuko lituzkete: espekulazioa gelditu, tentsio handiko esparruak hiri osoan izendatu, merkatua erregulatu eta etxe turistikoak mugatu, besteak beste.
Saturatuta dago hiria eta saturatuta dago nire burua. Ito egiten gaitu turismo, hiri eta bizimodu eredu honek. Etxebizitza gure eskubidea da, ezin du pribilegioa izan.
Eta ni nekatuta nago, jada. Desesperatuta, frustratuta eta nazkatuta. Noiz arte egoera hau? Noiz arte etxebizitza prekarietate hau? Noiz arte frenesi eta gehiegikeria hau?
I’m so tired. Do you understand this, in english?