Bidaia on!
Gorka Etxeberria, Bertsolaria
Igande gaua da. Oraintxe iritsi naiz etxera Illunbetik, eta ordenagailu aurrean jarri naiz agindutakoa betetzen. Berriro ere asko gozatu dut oholtza gaineko zortzi bertsolarien lanarekin. Nik kantatuko banu bezala ipintzen naiz zenbait momentutan, urduri.
Illunbe geltokira iritsi da bertso-trena. Uste nuen Amezketan jaitsi nintzela trenetik, baino oraindik trenean nengoela nabaritu dut gaur ere. Gaur arte tren honetan jarraitzen bainuen hamar urterekin bertso-eskolara joan nintzen lehenengo alditik. Bagoi ezberdinetan ibili naiz jendez beteriko tren honetan. Zenbat une polit bizi izan ditudan hitzarekin jolasten!
Baina tren honek aurrera darrai. Azkenaldian azkeneko bagoian ikusi dut nire burua, eta erdiko barratxoari helduta ibili naiz askatu ezinda. Urte asko izan baitira trenaren barruan eta bidaiariekin izandako mila solasaldi datozkit burura. Duela hamar bat urte igo nintzen plazaren bagoira, bizipen ezberdinak bizi izan ditut, baina azkenaldiko bizipenak irautearekin zuten zerikusia bidaiaz gozatzearekin baino. Gauza guztiek dute bere bukaera, onartzea zaila den arren, plaza gainera igotzea bukatu da.
Illunben jaitsi naiz bertsolaritzaren trenetik. Triste alde batetik urteetan jarraituko nuke eta bertan gozatuz gero. Baina pozik jaitsi naiz, milaka bidaiari ezagutu baititut bertan, toki askotan mikrofono bat izan baitut barnea hustutzeko. Eta garrantzitsuena, bertsolaritza deituriko magia honetako partaide sentitu naizelako.
Lehen aipatu bezala trena aurrera doa. Bertsolari asko igo eta jaitsi dira trenetik. Nik baino askoz hobeak gainera; azken finean, nire amonarentzat eta beste batzuentzat soilik izan bainaiz bertsolari. Bertsolaritza aurrera doa, bide onean gainera. Bertsozaleen bagoietik egingo dut aurrerantzean bidaia.
Aitor Sarriegi izango da makinista datorren lau urteetan. Kopiloto lanetan Beñat ibiliko da gainera. Nola ibiliko da gaizki tren hau horrelako bertsolariekin? Muxu bat bidelagun guztieri. Bidaia ona izan.

