Bidelagunaren plazera
Txiripa hutsez artikulu hau irakurtzen hasi zaren euskaldun horri galdera batzuk egin nahi dizkizut.
Zuk nola hartzen duzu plazer? Nork eragiten dizu irria? Zerk egiten dizu kili-kili bihotzean?
Galdera horiei erantzutea erraza da edonorentzat, noski. Baina plazer horiek handienetik txikienera sailkatu beharko bazenitu?
Bai, badakit zein hautatu duzun aurreneko: sexua. Eta, gainerakoak, nolako hurrenkeran? Osasuna, janaria, maitasuna, dirua, adiskidetasuna, elkartasuna, euskal errepublika…
Eta, euskara non dago? Zenbatgarren tokian kokatu duzu?
Ez duzula ipini!? Oso itsusia, irakurle, zure aldetik.
Tira, beste aukera bat emango dizut; baina, oraingoan, mesedez-faborez-arren, jarri euskara dagokion tokian!
Behin zerrenda burututa, pentsatu pixka batean zenbat aldiz entzungo zenien psikologoei era honetara hitz egiten: «Zoriontasuna gauza txikiez gozatzen jakitean datza».
Egon, egon, ez dut inondik inora esan nahi euskara gauza txikia denik, jainkoarren! Izan ere, euskara gauza handia da, itzela, erraldoia. Eta, horrexegatik egon beharko luke lehenengo tokietan egin duzun zerrenda oker horretan.
Orain, pentsa ezazu norentzat den bene-benetako plazera euskara, pentsatu…
Bada, ikasten ari den lagun misteriotsu eta miresgarriarentzat!
Eta, nola ibiltzen da lagun hori Donostian? Alderrai, burumakur, ikasitakoa praktikatu nahian eta ezinean. Izan ere, erdaldunak ditu etxeko guztiak eta lagunak; inguru erdaldunean bizi izan da jaio zenetik; etxean ere ez dute animatu ikastera, kanpotik etorritakoak baitira…
Baina, halako batean, behar bat sentitu du, eta deliberatu, euskara ikasi nahi duela. Eta, bidaia berri horretarako, jakina, bidaide askoren premia du. Eta, zu zeu izan zintezke horietako bat. Pozgarria izango litzateke gure lagun misteriotsuarentzat zuk, ezustean, indar estralurtarren batek adore emana, erabakiko bazenu baietz, lagundu nahi diozula bide gorabeheratsu eta harritsu horretan.
Euskara ama hizkuntza izan ez dutenentzat maratoi bukaezina da euskara ikastea. Ez dakizu nola eskertzen dizun mintzalagunak, asteko jarduna amaitutakoan, agurtzeko garaian.
Mintzalagunak kaleko giro euskalduna ezagutu eta bizi nahi du. Zuretzat ohikoa dena ezohikoa da mintzalagunarentzat. Giro horrexek laguntzen dio ausartago izaten egunerokotasunean, «zoriontsuago» izaten.
Ezinbesteko du laguntza, zeuk eman ahal diozuna, astean behin, ordubetez.
Askoz hobeto sentituko zara, zin-zinez, «egingo dut. Lagunduko diot. Jadanik hain ezezagun ez zaidan lagun horren bizitza alaitzen ahaleginduko naiz», pentsatu eta bidelagun egitea erabakitzen baduzu.
Euskarak behar zaitu. Orain. Hau ez da jubilatuek hartu beharreko lantxo bat, «libreago» bizi direlako. Euskarak gazte, heldu eta zahar, denak behar ditu orain eta Donostian.
Ni 2014an egin nintzen bidelagun, eta ez dut baja emateko asmorik, non eta alzheimerrak edo minbiziak eragozten ez didan, nire zeregin maitatuenetariko bat bilakatu delako. Litekeena da, hala ere, Bagerakoek egunen batean esatea: «Felix, eskertzekoa da egin duzun guztia, baina bidelagun gazteagoen premia dugu!».