Bilintxen ispiluak
Aspaldi ikasi genuen norbait omentzen duenak bere burua omentzen duela. Agian, Bilintxi buruz hitz egitea geure buruaz aritzeko modu bat besterik ez da izango.
Lehendabiziko ispilua. Zatarra omen zen Bilintx. Zoritxarrekoa. Halaxe kantatu zuen berak, baina, badirudi hori ez zela egia osoa. Indalezio Bizkarrondo (hala zuen grazia) Nikolasa Erkiziarekin ezkondua zegoen, eta hiru seme-alaba hazi zituzten. Bertso asko jarri zizkion maiteminari. Bilintxek, pertsonaiak. Horiek iritsi dira gugana. Hori da grazia egiten diguna. Zatar zoritxarrekoak, inork maite ez zuen itsusiak. Hortxe daukagu, Edurne Zuriren ipotxen, Disneyren Piztiaren eta Shreken aldamenean, gure haurtzaroko panpina zatarren bilduman.
Bigarren ispilua. Maiatzaren bata da aste honetan. Bilintxek ere bazekien zerbait gatazka sozialez. Kale garbitzaile baten «zaldi zuriari» bertsoak jarri zizkion «orain erretiroa merezi luke» aldarrikatuz (zaldiak edo kale garbitzaileak?). Pobre izatea zer zen gordin deskribatu zuen («batek obe du izan pobre baino kaka»). Eta apaiz bati bertso satirikoak jarri zizkion, «arrek naikua jan ta ni berriz gosiak» sententziarekin (apaizari soilik ari al zaio?). Ez dakit zergatik erabaki genuen Bilintxek maiteminari bakarrik kantatu ziola.
Hirugarren ispilua. Esan izan da bertsolaritza XX. mendean jaitsi zela menditik kalera. Basarri jaio zenerako hila zen Bilintx, baina kaletarra zen Indalezio Bizkarrondo Ureña. Bigarren abizena Huelvatik etorri zen aitonarena du Bilintxek. Oraindik ere bada bertsolarien benetakotasunaz aritzen denik, lehenago bertsolaria egin edo jaio egiten ote zen galdetzen zen gisan. Azkar emango dio erantzuna Bilintxek.
Laugarren ispilua. Donostiak eman duen bertsolaririk onena izan zen Bilintx, baina ez da artistarik zori hutsez sortzen denik. Bilintx giro baten ondorio da: Donostia euskaldun baten ondorio; berarekin bertsotan aritzen zen talde baten ondorio; zilegitasuna ematen zion inguru baten ondorio; zaintzen zuen eremu baten ondorio. Gaur, 2021ean, Bilintxek ataririk gabeko kale estu bat dauka Konstituzioak plaza bat daukan hirian.
Batzuetan Bilintxen ispilura begiratu eta zalantza egiten dut bera edo gu, nor ateratzen den zatarren.