Bizitzeko lan egin edo lan egiteko bizi
Jendeak lana eskatzen du, egoera ez delako samurra, batez ere, gazteentzako, izan ere, langabezia dago eta emantzipatu nahi duenak badu nahikoa arazo. Gainera, lana aurkitzen duenak ere badu nahikoa lan, zeren eta sarritan aurkitzen den lana ez baita lan prekarioa besterik.
Dena den, gure artean badugu beste kontu bat hausnartzea merezi duena gai honen inguruan. Joxe Migel Barandiaranek zioen euskaldunok Homo Sapiens ez ezik Homo Labore ere baginela, alegia, gure artean lanak gehiegizko balioa duela. Eta lehen eta orain ere gehiegizko garrantzia duela lanak gure bizitzan. Atzera begiratu eta hori ikusten dugu, eta gaur egun ere horrela dela esango nuke.
Gaur, zaharrek ere lan egin nahi dute, beste zereginik ez balego bezala, eta jubilatzeko garaia ere luzatzen ari zaizkigu agintean daudenak, eta bide batez belaunaldi berriak lana aurkitu ezinda dabiltza eta langabetuen zerrenda luzea da.
Agian, pentsatzeko eta jokatzeko modua aldatu beharrean gaude. Diru gutxiago eta adiskidetasun handiagorekin bizi liteke. Lasaitasunaren balioa bultzatu beharko genuke, kontuan izanik aberastasun ekonomikoa ez dela inondik ere bizitza aberatsa edukitzearen sinonimoa. Are gehiago, zoriontasuna beharrak murriztean datza kontuan izanda zoriontasuna kolektiboan egikaritzen dela soilik.
Europara begira jartzen bagara ikusten dugu herrialde aurreratuetan –eta horiek izan beharko lukete gure erreferenteak– lan asteak 40 ordukoak direla edo gutxiagokoak. Espainiar estatua eta Euskal Herria ere ez dira maila horretara iristen. Zenbat ordu egiten ditu hemen batez beste langile batek? Eta zenbat irabazten du orduko? Datuak ez dira inola ere Europako herrialde aurreratuenetakoak. Horrez gain, ikusten dugu bai sindikatuak, bai gobernuak aspalditik ari zaizkigula 32 orduko asteak egin beharko genituzkeela, baina inoiz ez gara iristen horretara.
90 urte bete berri dira Ategorrietako marinelen sarraskia gertatu zela. Egun horietako Donostian egin ziren manifestazioetako pankartak irakurtzen baditugu ikusten da zortzi orduko lanaldiak eskatzen zirela. Hainbeste urte igaro dira eta oraindik badirudi eskakizun hori iraultzailea dela.
Oraingo langabeziatik ateratzeko modu egokia litzateke lan orduak murriztea. Ez dezagun pentsatu Auschwitzen sarrerako atean zegoen lelo hura Lanak askatzen du segitzea genukeela onena gure bizitza zoriontsu izan dadin. Gehien ekoizten duten herrialdeak ordu gutxien sartzen dutenak dira. Ea geu ere espabilatzen garen eta ikasi horiengandik.
Azkenik eta bukatzeko esango dut bizi dugun lan mundu prekario honetatik hemen, gure herrian, badugula beste baliabide aipagarria, hau da: kooperatibismoa. Badakit asko hedatuta badago ere oraindik lantegi kooperatibo askotan ordu pila sartzen dutela, baina, behintzat bertan lan egiten dutenek hartzen dituzte erabakiak eta enpresa kapitalista arruntak baino aukera gehiago dituzte lan prekarioetatik ateratzeko eta lan ordu murritzagoak izateko.