'Bostetik hiru'
Xabier Vazquez, Realzalea
Bostetik hiru. Ez, ez naiz ari Realak azken bost partidetatik hiru berdinketa atera dituelako datuarekin. Gainera, gauzak perspektiba zabalago batekin ikusita askoz baikorragoa da. Sei partida daramatza Realak galdu gabe, hiru garaipen eta hiru berdinketa. Gazteleraz media inglesa esaten zaion horri (bataz besteko ingelesa?) lotu zaio Reala azken partidetan. Noski, hau ohi duen bitxitasunarekin egin du. Izan ere, partida hauen aurretik inork esan izan baligu Realak hiru garaipen aterako zituela, nekez asmatuko genuen inork Malagan eta Valentzian izango zirela garaipen horiek. Bat-batean Reala Anoetan usoago dabilkigu eta kanpoan otsotu egin zaigu. Eta bazterrak are gehiago nahastearren, badirudi hobeto ari dela goikoen aurka behekoen aurka baino. Halere egia da Valentzian irabazi ondoreneko giroa pixk bat epeldu egin dela azken bi berdinketekin. Ezingo du esan Futbologiako ohiko irakurleak jakinaren gainean ez zegoenik, izan ere, nire azken Futbologian argi pasa nizuen abisua zaleek gora begiratzea eta Reala epeltzea bat direla. Ez dira emaitza horiek izan hasierako bostetik hiru horren arrazoia. Bi datu emango ditut. Granadako partidan epaileak Realaren aurkako 5 falta ebatzi zituen, eta etxeko taldeari hogeita bost bat leporatu zizkion. Partidan sei txartel hori erakutsi zituen. Ez naiz epailearen lana kritikatzen ari. Nik uste Realari baliogabeturiko golaren jokaldia ez zela jokoz kanpokoa, baina tira. Egia da, era berean, Realari faltaren bat edo beste barkatu ziola, batez ere azken minutuetan egon zen jokaldiren batean. Era batera ala bestera, bost falta egin eta hiru txartel jasotzea, marka da gero! Ea hurrengoan egindako faltak baino txartel gehiago jasotzearen marka lortzen dugun, protesta pixka bat eginda erraz lortuko dugu. Ez dakit zer duen Realak baina kexa minimoa egiteko ere gai ez diren jokalariei beti txartelen bat ateratzen diete. Aurreko denboraldian Granadan bertan Illarramendiri txartel gorria atera zioten, baina okerrena ez zen txartela izan, ondoreneko zigorra baizik. Realak egonkortasun bat lortu duela atze eta erdialdean. Baina sasoiko golegile bat ere behar izaten da.