Britney eta Alejandra
Iñake Irastorza, aktorea
Britney zortzi urteko neskatila bat da. Ingalaterrako Birmingham hirian bizi da. Kerry da bere ama, estetizista lana egiten duen 34 urteko emakumea. The Sun egunkariaren esanetan, amatxo Kerryk, hiru hilabetetik behin toxina botulimikoa injektatzen dio bere zortzi urteko alabatxoari. Eta dagoeneko Britneyk, amets egiten du bere bularrak gehitzearekin ere. Amatxo Kerryren esanetan, bere alabatxoa aktorea izango da eta luzaro baino lehen milioiak eta milioiak irabaziko ditu. Zenbaitek pentsatuko duela arduragabekeriaz jokatzen ari dela dio, baina bera oso ziur dagoela egiten ari denarekin, bere alabarentzat onena delako. Britney zortzi urterekin botoxaren maitale sutsua da. Gauero gauero arretaz begiratzen du bere burua ispiluan. Ez du ximurrik nahi bere aurpegitxoan. Ez du zahartu nahi. Urte betean lau bat aldiz injektatu dio bere amatxok botoxa, bekokian, ezpainetan eta begien inguruan. “Hasieran negar egiten nuen, baina orain ia ez dit minik egiten”, dio Britney txikiak. Dagoeneko ama-alabak San Franciscora joanak dira bizitzera. Estatu Batuetan “umeen edertasun lehiaketa” asko ospatzen direlako eta sariak ere askozaz hobeagoak direlako. Alejandra, 22 urteko neska gazteak, berrogei kilo ditu sobera gorputzean, bere ametsik handiena lortu ahal izateko: parakaidas batean salto egitea, alegia. Horregatik, eta beste arrazoirik ere egongo da, noski, Alejandra operatu egin dute Madrilgo La Luz klinikan eta bere urdailean Abiliti bat ipini omen diote. Zer den Abiliti bat? Aparatu txikitxo bat, taupada-markagailu txiki baten antzekoa, Alejandrari gosea neurtzen lagunduko diona, bere medikuari Wi-Fi konexio bidez, urdaileko txutxu-mutxu guztiak kontatuz. “Jatea izugarri gustatzen zait”, dio Alejandrak, baina hemendik aurrera kontuz ibili beharko du. Jarri dioten tramankulutxo horrek den-dena kontatuko baitio sendagileari. Bestalde, esan behar da nahiko operazio erraza eta erosoa dela eta gainera ia orbainik ere ez duela uzten. Hona hemen obesitateari aurre egin ahal izateko punta-puntako teknologia. Gizarte honek ez dauka erremediorik! Ionesco, absurdoaren idazle handiak ere ezingo zukeen honelakorik imajinatu. Sarri esaten da errealitateak askotan gainditu ohi duela fikzioa, eta horrela da.