'Dena ez da zilegi'
Aritz Sorzabal, kazetaria
Egitasmo berriak bultzada izan dezan, Irutxuloko Hitzak harpidedunak eta sustatzaileak lortzeko kanpaina bati ekin dio. Kazetaritza proiektua aurrera eramateko nahikoa lan du lan taldeak, baina, beharrak bultzatuta, irudimenari eragin behar izan diogu sostengua biltzeko helburuarekin. Managerrik ez dugu, dirua behar baita horretarako, baina, komunikabideetan ateratzen iaioa den La Oreja de Van Gogh musika taldeak lortutako emaitzei erreparatuta, kanpainaren gidaritza eramango lukeen pertsona bat kontratatzea ideia ona izan zitekeen. Hain zuzen ere, ez dakit nola, baina talde donostiarrak leku guztietan agertzeko dohaina du, lekuz kanpo bada ere; adiskidekeriagatik batzutan, oportunismoarengatik bestetan. Gaizki ala ondo, garrantzitsuena norberari buruz hitz egitea dela dioen printzipioari jarraitu ohi diote. Esaterako, Urrezko Danborra dute etxean 2010az geroztik, urte batzuk lehenago ika-mika handia sortu eta gero, hautagaitza hura bertan behera uztera arte; Euskadi leloa munduan zehar zabaltzeagatik dirutza jaso dute, euskaraz egiten ez duten arren; Espainiako Itzuliari melodia jarri diote, mendateak igotzeagatik ezagunak ez badira ere; eta datorren asteazkenean sagardo denboraldia ofizialki irekiko dute, baserri mundutik urruti daudenean. Donostiarren managerrari, ordea, ez nioke lekurik egingo gure egitasmoan, kontratuak sinatzen iaioa izan arren. La Oreja de Van Gogh aurtengo sagardoaren ikur bilakatu duen bezala, Irutxuloko Hitzarekin auskalo zer egingo lukeen; erdaldunei ere produktua saldu, agian. Eta dena ez da zilegi, lehen lerroan agertzeko bada ere.