Denboraren gurpilean
Udazkenean sartu gara konturatu garenerako. Gazteriaren zati handi batek udako lanak utzi eta ikasketei helduko die beste urte batez, eta fase hori pasatu dutenek, soldatapeko lanaren errutinara bueltatu behar izan dute. Soldatapeko lanak baditu bere bereiztasunak; batzuek lanaldi jarraituan ekingo diote lanari, eta beste askok lanaldi zatituan, baina gaur gaurkoz, ezinezkoa zaigu soldatarik gabe bizirik irautea. Hala ere, askotan dudan ere jartzen ez dugun arren, zortzi orduko lanaldiak edota ikasketak ez ahal dira gehiegitxo?
Ez zaitezte nahastu, ez naiz ari enpresek errendimendu handiagoa ateratzeko patronalak eta sindikatuek proposatzen duten lau eguneko lanaldiaz, gazteok, eta orokorrean langileriak, aisialdi librerako dugun denbora faltaz baizik. Pentsatzen jarrita, zortzi ordu behar baditugu atseden hartzeko egunean, eta beste zortzi lanean edo ikasketetan pasatzen baditugu, bizitzaren erdia joaten zaigu soldatapeko lanean edo fase horretara iristeko hezkuntza prozesuan. Hau da, aktibo gauden denboraren erdia soilik gozatu dezakegu.
Gainera, industria kultural burgesak garapen itzela izan du azken hamarkadotan, eta gazteok libre dugun denboratik ordu gehiegi pasatzen ditugu gazteriaren erreferente kultural bihurtu diren bideo-jokoetara jolasten, Youtuberrak ikusten edota Instagram zein Tiktok bezalako plataforma digitaletan. Elementu hauek guztiek, neutralizatzaile sozialak dira hein batean edo bestean, eta kultura despolitizatzaile bat bultzatzen dute. Alienazioa hitz potoloa suerta daiteke, baina gure begi aurrean aurkitzen dugu egunerokoan. Premiazkoa dugu denbora librerako eta norbere garapen askerako baldintzak sortzea, eta hori modu integralean gauzatzea ezinezkoa den arren harreman kapitalisten baitan, gazteon sozializaziorako, gozamenerako eta ekoizpen kultural propiorako aukerak sortzea premiazkoa zaigu.
Segi dezatela argi mozketak aplikatzen, bikoteka dutxatu behar garela gomendatzen, ura gutxiago gastatzeko eskatzen… betikoek gure erruz patrikak gehiago betetzen jarraituko dituzten bitartean. Ez gaitzatela engainatu, egun duguna ez da egoera koiunturala, krisi egonkor eta progresibo bat baizik, eta udazken gogorra datorkigu aurretik. Beraz, aprobetxatu ditzagun «libre» ditugun ordu gutxi horiek, sistema hau errotik aldatzen hasteko, eta sozialismoa eraikitzen hasteko.