Denda txikien birusa
Imajinatzen duzue, gizartean denda txikien birusa hedatuko balitz? Pentsa dezakezue zer izango litzatekeen gure ingurua denok gertuko saltokietan erosiko bagenu?
18 urterekin kendu zizkidan betaurrekoak okulistak, eta azkenaldian berarekin dezente oroitu naiz. Ez dut gertutik deus ikusten! Badira pare bat urte (edo gehiago) azterketak zuzentzea infernu bilakatu zaidala. Ordu erdiz baino gehiagoz ezin dut eroso irakurri. Hasieran, diabetesari egozten nizkion nire gaitz guztiak, eta hau ere zaku berean erori zen.
Onartu behar dut ni eta sendagileen arteko harremana ez dela ona izan haginlariak min egin zidanetik, eta, beraz, nire buruak atzeratu nahi izan du bistaren kontu hau. Baina egun batez, kiroldegira nindoala, eguzkitako betaurrekoak erosi nituen dendaren aurrean geratu, eta barrura sartu nintzen. Ikusi Makusi du izena dendatxoak, eta Goiuri izeneko emakume batek artatu ninduen. Hasieran, nire traumak kontatu nizkion, eta baita gertatzen zitzaidana ere, eta bera, izugarrizko pazientziaz hasi zitzaidan galderak eta frogak egiten. Ez zen saio bat izan. Diagnostiko zuzen bat egiteko lau saiotan egon ginen froga ezberdinak egiten.
2 urte nituela jarri zizkidaten lehen aldiz betaurrekoak, eta esan dudanez, hemezortzirekin kendu. Zinez diotsuet ondo ezagutzen dudala okulistaren dinamika, baina denda txiki honetan jaso dudan arreta beste kontu bat izan da. Bereziki goraipatuko nituzke pazientzia, zintzotasuna eta profesionaltasuna. Hilabeteren ostean lentilak hartu ditut eguneroko bizitza egiteko, eta betaurrekoak atsedenerako. Eta, bai. Bizitza aldatu zait. Norbaitek pentsatu lezake lentila batzuk erostea ez dela zaila… horretarako horrenbeste proba? Kontatuko dizuet: nire ezker begia, astigmatikoa eta hipermetropea izateaz gain, estrabikoa eta alferra da. Dena begi bakarrean. Soluzio mota ezberdinak eman zizkidan Goiurik, baina horietako batzuetan betaurreko potoloak ibili beharko nituen, eta sentitzen dut, baina ez nuen neure burua horrela ikusten. Azkenean, nigan eta osasunarengan pentsatutako soluzio bikaina eman dit Goiurik, eta ederki ikusten dut orain.
Hemen botako dizuet galdera: zer pasako zen Aflelu edota Bixionlab bezalako batera joan izan banintz? Ikusi Makusi eta Goiurirekin geratzen naiz ni. A! Esan gabe doa euskara izan dela gure arteko harremanetarako hizkuntza! Hamarretik hamar!
Kutsa gaitezen denda txikien birusaz!