Denon bizitzaz ari gara
Aspaldi entzun genuen azaroak 30ean greba feminista orokorra izango dugula gure artean, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Asko izan dira azken hilabete eta asteotan sortutako zalantzak. Ikusi ditugu auzoetako eta Donostiako asanblada edo komiteak, kartelak eta pegatinak kalean, berriak eta elkarrizketak hedabide eta sare sozialetan. Baina zalantzak oraindik handiak dira, orain arte oso gutxi hitz egin izan dugu inguratzen eta sostengatzen (?) gaituen zaintza ereduaren inguruan. Ba, eredu hau guztiz feminizatuta eta familiarizatuta dago, eta generoa, arraza, klase soziala eta jatorria ardatzek zeharkatzen dute.
Hitz egiten ari garen egungo zaintza sistemaren dimentsioaz jabetzeko eta egoerara zertxobait inguratzeko, hona hemen Euskal Herriko Mugimendu Feministak, zenbait eragile sozialek eta sindikatuen gehiengoak osaturiko Herri Akordioan jasota dauden zenbait datu.
EAEn, adibidez, ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa Barne Produktu Gordinaren %27,7koa izan zen 2018an, 21.296 milioi euro. Gainera, adinekoen egoitzei dagokienez, hauen titulartasun publikoa EAEn ez da %9ra iristen, eta Nafarroako 71 egoitzetatik, soilik bi dira publikoak. Bestalde, Denbora Aurrekontuen Inkestetan ikus dezakegun moduan (EAE), oraindik ere emakumeek etxeko eta zaintza lanen %70 inguru egiten dituzte. 2021ean, emakumeek gizonek baino hiru ordu gehiago eman zituzten egunero adingabeak eta mendeko pertsonak zaintzen egunero: 9,5 ordu eta 6,5 ordu.
Hego Euskal Herrian, 182.000 langile dabiltza etxeko lan ez ordainduan esklusiboki, inolako soldata edo prestaziorik jaso gabe, eta ia guztiak emakumeak dira. LGSaren azpitik dagoen pentsioa jasotzen duten pentsiodun guztien artean, %66,7 dira emakumeak, eta emakumeen %27,7k jasotzen dute 1.000 euro azpiko pentsioa; gizonen kasuan, aldiz, %22,3ak.
Etxeko langileen kasuan, hauek dira zaintzaile guztietatik esplotazio handiena sufritzen dutenak. %80 emakumeak dira, eta gainera, gehienetan, baztertutako kolektiboetakoak dira: %29 egoera administratibo irregularrean daude, eta %50ak ez dauka babes ekonomikorik. Kanpoko erregimenean lan egiten dutenen artean, emakume etorkinak zein bertakoak daude; aldiz, barneko erregimenean (egoilar gisa) lan egiten dutenen %93 eta %99 artean dira emakume etorkinak. Egoilar hauetatik, lautik bat egoera irregularrean dago, eta 24 orduko lana egiten du, aste osoan egunik libratu gabe. Aldiz, eguneko etxeko langileen kasuan, askotan, ia 70 orduko lanaldiak egiten dituzte, eta gehien-gehienek hitzez adostutako akordioak dituzte.
Horregatik guztiagatik, eta gehiagogatik, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin behar dugu. Pertsona guztiek izan behar dugulako bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaini eta jasotzeko eskubidea. Horregatik, zaintza lanak aitortu eta banatu egin behar ditugu, zaintzaileen lan baldintza kaskarrekin eta hortik eratorritako arretaren kalitate txarrarekin amaitu beharrean gaude. Denok ulertu behar dugu zaintza lanak ez direla emakumeon kontu bat, ezta familia kontu bat. Zaintza kolektibizatu egin behar dugu, denok hartu behar dugu ardura. Hau da, zaintza eskubide eta erantzukizun gisa ulertu behar dugu, eta hau egikaritu.