Desblokeatzen
Asteartea da eta ekainak 16 ditu. Udaberririk ez dugu loratzen ikusi aurten, eta kalera atera garenerako, uda bezperan gaudela konturatu gara. Egutegiak dio hori; kanpoan, halere, fresko eta zerua gris. Eguzkiari ere mugak itxi dizkiotela dirudi. Baina bai, udaberria ostu digute, eta udararen atarian gaude. Derrepentean.
Armairu barrua kolorez aldatzeko tartea hartu behar izan dugu asteburuan; neguko arropa lodi eta espazio-hartzaileak kendu, eta ohe azpiko kajetatik arropa koloretsu eta zimurtuak atera ditugu. Desiraz begiratu. Eta gure baitarako pentsatu «mesedez, ez dezagun uda ere pijametan pasa behar izan». Arropak eskuz lisatzeko saiakeran, udara usaina hartu dugu eskuetan, eta iazko uztail-abuztura bidaiatu dugu bat-batean: mendia, hondartza, tabernak, familia eta lagunak. Ilararik gabeko denda zein terrazak, aplikaziorik gabeko hondartzak, beldurrik gabeko besarkadak eta desinfektatu behar gabeko muxuak. Aurten, inoiz baino toki ederragoa zaigu memoria.
Baina, errekuperatzea bizitzen jarraitzea omen da, eta pixkanaka hasi gara kaleak hartzen, begiak pantailetatik aldentzen, distortsiorik gabeko ahotsak entzuten… Baina zein arrotz dena. Zein arrotz gu. Lau hormen artetik atera eta bizitza etxetik kanpo egiteari berrekin diogunean, ezagutzen ez genituen –baina gu-a osatzen duten– jarrera, sentsazio eta sentimenduak azaleratu zaizkigu. Eta blokeatu gara.
Mantendu beharreko distantziez, aforoez, eta mugez hitz egin digute. Baina batzuk horietan galdu gara. Zenbat gauza kontuan hartzeko, eta zein ahaztuta gure burua, gure beharrak, beldurrak, eta nahiak. Fase eta desfaseak ere aipatu dizkigute, robotak bagina lez horietara programatu beharko bagina bezala; baina zein ahaztuak, berriz ere, sentimendu eta emozioak. Eta zein blokeatuak gu. Hori dauka teoria hutsetan hezteak: garen honi espazioa ematen ez jakitea, galtzea. Eta inork lanketa horretara bideratuko ez gaituela dakigun honetan, emozionalki armatzeko garaia ere badugu «normaltasun berri» hau.
Bizitza berri bati ekingo geniola zioen askok konfinamenduan ginela, eta barre egiten zuten barrura begiratu eta emozioen kudeaketan galdurik zeudenek. Nik ez dakit egoera honi «bizitza berri» izena eman diezaiokegun, uztailaren 12an dinosauroek bertan jarraituko baitute txintxin hotsari men egin, eta gutaz ahaztuta. Baina asko bizitzeko era berri baten saiakeran arituko gara emozioei eta barruari tarte gehiago eskainiz, desblokeatu nahian. Bizitzeko era berri horretan, behintzat, distantzia fisikorik ez dugu mantendu beharko gure buruak besarkatzeko.