'Desilusioa'
Groseko dendari bat naiz eta Grosen ere euskaraz kanpainan hartu dut parte. Atsegin handiz onartu nuen eskainitakoa, dendetan euskara ibiltzearen apostua egiten zuten bezeroentzako inzentibo txiki bat. Hala ulertu nuen alkateak eta Miren Azkaratek Apalategin egin zuten aurkezpenean. Horrela aritu ginen: dendan sartzen zen bezeroa euskaraz aritzen bazen lehiaketa batean parte hartzeko boletoa ematen genion.
Lehiaketa azaroak 11n, Groseko Nafarroa Behera plazan arrasaldeko 17:30etik 21:30ak arte ipinitako postuan egingo zen. Jendeari txartela eman eta gero handik pasatzeko animatzen genion, udaleko Euskara sailak antolatzen zuela eta sari «politak» egongo zirela. Guk, hain ilusio handiz azaldutako kanpaina nola zijoan ikusteko asmoz, azaroaren 11n, 17:50ean plazan zegoen postura gerturatu nintzen eta a zer nolako sorpresa eta atsekabea! Saririk ez zen geratzen! Pentsatzen dut gaizki planifikatua zegoela, desoreka haundia zegoela banatu ziren txartel eta sari kopuruaren artean. Lehiaketaren funtzionamendua ez zen oso ondo argitu (emandako txartel eta diptikoetan ez dira argitzen lehiaketaren funtzionamendua eta arauak). Edozein lehiaketa arau zehatz batzuetan oinarrituta dago (ez da dendan egiten dugun lehenengo lehiaketa). Non daude arau horiek azalduta?
Laburbilduz. Guk kanpainan ipinitako ilusioa ez zen lehiaketa bideratu zen moduan islatu; hala jakinarazi nion postuko arduradunari. Eta harek emandako argudioek ez ninduten lasaitu. Defentsiban jarri zen, eta ez zuen nirekin enpatizatu. Datorren urtean gauzak hobetuko zirela esan zidan baina nik datorren urteko kanpainan parte hartzeko gogoa galdu dut. Normala da horrelako gauzak lehenengo urtean bikain ez ateratzea baina 20 minututan sariak bukatzea gehiegizkoa iruditzen zait. Eta gero arduradunaren erantzuna….
Arrate Garate (Groseko dendaria)