Deskontuak
Hilabeteak dira Espainiako gobernuak garraio publikoaren prezioak jaitsi zituela. Erregaia erosteko erraztasunak emana zen Sanchezen gobernua; baina, baten batek gogoratuko zion ustezko ezkerreko gobernu bati garraio publikoa sustatzea dagokiola. Hala, prezioak erdira murriztu ala doan jarri zituen, urgentziazko neurri.
Bien bitartean, Renferen Gipuzkoako zerbitzua arazo ugarirekin dabil. Orain, Sanchezen neurriari esker, ez da arazo horietako bat bera ere konpondu. Baina, hori bai, lanera berandu iristen denari itxaronaldia merkeago ala doan ateratzen zaio. Gaitzerdi!
Gure erakundeek ere bat egin zuten prezioak jaistearekin, Madrilek emaniko laguntzak baliatuta. Pozgarria zirudien. Garraio publikoaren erabiltzaileen karga murrizteko diru publikoa jartzea beti da albiste on.
Hori bai, neurria justifikatzeko bi arrazoi eman ziren: krisi ekonomikoa eta erabiltzaileak erakartzea. Hilabeteak pasata, garraio publikoaren erabilerak ez du sekulako gorakadarik izan. Datuen arabera, erabiltzaile gehiago ekarri zituen erregaien prezioak igo izanak, garraio publikoaren tarifak jaisteak baino. Izan ere, aditu gehienen esanetan, prezioa ez da erabiltzaileak garraio publikora erakartzeko neurri bakarra. Maiz, nagusia ere ez. Galdetu Renfeko erabiltzaileei ea gustura dauden zerbitzu kaskarra doan ala merkeago izanda.
Diru publikoaren bitartez erabiltzaileek prezio justuak eta zerbitzu onak izatea da helburua. Inbertsio publikoa handitzea abiapuntu ona bazen ere, prezioen doikuntza eta zerbitzuen arteko sinergiak aztertzea zen erronka. Lana, hain zuzen ere. Gipuzkoan aspalditik egiteke daukagun lana. Zoritxarrez, erakunde eta alderdien proposamen bakarra prezio erdia mantentzea izan da. Inertzia hutsa. Madrilek behin behinean harturiko «café para todos»-arekin jarraitu da, bertako konpetentziak eta errealitatea kontuan hartu gabe.
Adibide modura, Gipuzkoan deskontuak hiru gakoren araberakoak dira: adina, errenta, bidaia kopurua. Nahikoa elementu dira proposamen zehatzak lantzeko. Egunero erabiltzen duen langileari edo ikasleari prezioa jaitsi nahi zaie? Ados, tarteak murrizteko edo tarifa laua jartzeko aukera dago. Hilean bitan Anoetara joaten denari egun ordaintzen duen prezioa mantendu, 0,50 euro? Zalantzagarria. Garraio publikoaren erabilera indartzea eta krisi ekonomikoak eragindako sektoreak laguntzea bazen helburua, bazegoen lan pixka bat egitea.
Baina, garraio publikoaren aldeko apustua baino, gehiago dirudi hauteskundeaurreko sastraka, gobernu koalizio barneko ukalondokada eta guzti. Pentsa, aldundiko Mugikortasun Sailak zerbitzuak murriztu nahi izan zituen. Azkenean atzera egin behar izan zuen eta maiztasunak mantendu, herritarren kexak zirela eta. Orain, ordea, zeinak eta eurak omen erabiltzaileen prezioak jaitsi nahian dabiltza. Axola al zaie agintari horiei zerbitzuak mantentzen diren? Lehen, bost axola zien, eta, orain, berdintsu.
Auskalo zer gertatuko den 2024an prezioekin. Iragarritako gastu publikoaren igoera mantentzen bada, gaitzerdi. Hori bai, erabiltzaile guztientzako prezio erdia mantenduta, zaila izango da zerbitzuak hobetzea. Egungoari eusten, lanak izango dira. Zoritxarrez, susmoa dut hauteskundeak pasatutakoan prezioak lehengora itzuliko direla, eta garraio publikoari buruz galdetuta zera erantzungo dutela: «urte bat izan zenuten prezio erdian, orain bakea eman». Edozein kasutan ere, alferrik galtzen ari gara Gipuzkoa eta Donostiako garraioa eta bere finantzaketa berraztertzeko aukera. Baina hori lana da, errazagoa da Madrilgo kafearekin propaganda egitea.