Disnei
Duela egun batzuk irakurri nuen Disneyko pelikula eta telesailak euskaraz eman ditzatela eskatzeko sinadura kanpaina bat zabaldu duela guraso talde batek.
Eta, noski, ideia ona iruditu zitzaidan irakurri nuenean; besteak beste, euskararen erabilera zabaltzeko iniziatiba guztiak iruditzen zaizkidalako onak, kontrakoa frogatzen ez den bitartean behintzat. Egia da, ordea, buruari eragiten hasita, ertz bat baino gehiago aurkitu dizkiodala kontu honi.
Eta ertzak kontatzen hasita, zorrotzena Disney bera dela uste dut; Disney eta bere pelikula eta telesailek indartzen dituzten balio matxista, atzerakoi eta kapitalistak: maitasun erromantikoaren itsukeria, edukitzearen eta itxuraren hegemonia eta beste hainbat. Mundua Ederra eta piztia-ren kopia inperfektua balitz bezala.
Eta dei nazazue inozo, baina euskaraz egiten duen mundu bat imajinatzen hasten naizenean, daukaguna baino mundu hobe bat imajinatzen dut: feminista, aurrerakoia eta sozialista; besteak beste.
Hori bai, eta hortaz ari garela, ez dakit Selena Gomezek Maria Redondok baino hobeto kantatzen duen ala ez, eta badakit, Basakabiko dekoratuak Hollywoodekoak baino eskasagoak direla; baina, ostiralero, alabarekin Go!azen ikusteko esertzen naizenean; izugarri eskertzen diot ETBko telesailari aniztasunari buruz, familia hautsiei buruz, alua duten mutilei buruz, eta beste mila gairi buruz sofan gauden bitartean hitz egiteko ematen didan aukera.