Donostia, ez zaitut errekonozitzen
Intxaurrondoko talaiatik Miramar jauregira 4.200 metro inguru daude. Ez naiz metroarekin neurtzen hasi, Google Mapsek dio. Ibilbide hori lerro zuzen batetik dezente gerturatzen da, agian geometriaren zaleren batek esango dit ez dela hala, baina, tira, arriskatu egingo naiz. Auzotik Loretopera, beraz, hamaika istorio aurkitzeko aukera dago. Periferian bizitzeak alde on eta txarrak ditu. Zerbitzu faltak eragindako abandonu sentsaziotik hiriko erdigunera joateak hartzen duen denbora paseoan apreziatzerainoko abanikoa oso zabala da.
Gure jendartea likidoa da. Nonbait, solidoa izan zen luzaroan eta likidoa da orain. Batzuek diote egoera gaseoso baterako jauzia laster izango dugula gure aurrean. Gaseosoa ez dakit, baina kaotikoa bai. Zalantzarik gabe. Izan ere, noraez batean murgildu dute hiria. Noraeza, kaosa, zuloak, mendi puntetan egon beharko ez luketen harri puskak, hitzaldiak ematera datozen ultraeskuindar inpuneak, emakume modura sozializatu gaituztenoi ateak ixten dizkiguten espazioak… Bata bestearen atzetik jarrita zerrenda amaigabe bat osa genezake, baina ez dira fenomeno isolatuak, ez, elkar gurutzatuta korapilo itogarria dira. Eta argi esan daiteke: hiria ez dute bizigarri egiten.
Orube huts baten gainean hiri baten planifikazioa zerotik egitea kontu sinplea izan liteke. Telefono mugikorreko aplikazioetan badira horrelako simulatzaileak, eta alde batetik bestera mugi daitezke diru fiktizioz ordaindutako eraikinak. Mundu errealean, ordea, gauzek ez dute horrela funtzionatzen. Historikoki espazioa kudeatu den moduaren arabera, antolamendu bat ala besteko guneak aurki ditzakegu hiri baten baitan. Donostian ere bai. Kale estuak, frantziar iraultzaren osteko kale zabal eta erpinik gabeko eraikinak, modu kaotikoan antolatutako frankismo garaiko auzuneak…
Modernitatearen hastapenetan hirigintza funtzionalista nagusitu zen. Lau balio zituen oinarritzat: bizi, lan egin, birsortu eta zirkulatu. Modu horretara, espazio bakoitzari adjudikatzen zaizkion funtzioak hierarkizatu egiten dira, eta ondorioz, hiria bereizi, langileak erdigunetik kanporatu eta periferian kokatzera behartzen ditu. Aipatu beharrik ez dago etxebizitzaren gaineko espekulazioak eragin duen kanporaketa horren azelerazioa.
Hemen dago gakoa: nork produzitzen du? zer? nola? zergatik eta norentzat? Galdera horiek erantzuteaz arduratzen direnek zehazten dute espazioaren produkzioa eta bertan harremantzen diren norbanakoen harremanak nolakoak izango diren. Ez dira arkitekto batek hartzen dituen erabakiak, hautu politikoa da espazioaren diseinua.
Hirian egiten diren moldaketak aldebakartasunez egiten dira, hiriko eragileekin kontrasterik egin gabe, enpresa handien mesedetan. Horren adibidetzat ditugu Igaran, Añorgan, Infernuan… eraikiko dituzten etxebizitzak, San Bartolomeko bederatzi solairuko merkataritza zentroa, metroaren obrak, Basque Culinary Centerren Groseko eraikin berria, Garberako makro proiektua, Txaparrene pasealekuan egiten ari diren luxuzko etxebizitzak eta etorriko direnak…
Norantza goaz? Galbidera kondenatu nahi gaituzte? Horrelako Donostia nahi dugu?