Donostia: helmuga eta abiapuntu
Donostiako turismoaren inguruko eztabaida behin eta berriz itzultzen da plazara azken urteotan. Opor usaina iritsi orduko, bueltan dira honakoen moduko kexak: «Kaleak gainezka daude», «Parte Zaharrean ez dago ibiltzerik», «etxebizitzaren arazoa larriagotzen ari da» edota «gero eta nabarmenagoa da bisitarien esanetara –bisitarienera besterik ez– eginda dagoela hiria». Hedabideetan ere, gaia ez da berria.
Donostiarra naiz eta badakit gure hiriak aldaketak izan dituela azken urte eta hamarkadetan. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zait turismoaren eztabaida mahai gainean jartzea.
Zentzu horretan, azkenaldian buruan bueltaka dabilkidan gogoeta bat ekarri nahi dut: benetan turistak al dira arazoa? Bertako agintarien kudeaketa da arazoa? Edo, beharbada, erosoagoa zaigu errudunak beti geure baitatik kanpo, urrun, bilatzea?
Izan ere, gu geu ere turistak gara: donostiarrak bagara turistak. Ez gure hirian, noski, baina bai urtean zehar batera eta bestera egiten ditugun ihesaldi ez gutxietan. Pirinioetara joaten garenean turistak gara, baita Jakara joatean ere —bertako kaleek Euskal Herria ematen dute–. Gure oporraldietan Costa Bravako kanpinetan edo Menorcako hondartzetan pareoa janzten dugunean edota hegazkina hartu eta munduko azken puntaraino joaten garenean, geu gara turistak, eta, orduan, hemen hain gaizki ikusten ditugun fenomeno berberak elikatzen ditugu (baina) han.
Airbnb batean ostatu hartzen dugunean, ez ote dugu etxebizitza turistikoen negozioa sustatzen? Gero eta garestiagoak diren apartamentuak alokatzen ditugunean, ez al gara ba prezioen gorakada horren lagun? Edozein bazterretan dagoen herri txikiren batek jasotzen duen bisitari kopurua bere ahalmenetik gorakoa denean, ez al gara ba gu geu ere pilaketaren parte?
«Zaila egiten zait Donostian gertatzen den guztia beste batzuei egozte hori, guk geuk antzeko dinamikak elikatzen ditugunean»
Ez dadila gaizki-ulerturik egon: ez dut esan nahi bidaiatzea gaizki dagoenik. Are gehiago, uste dut bidaiatzea aberasgarria dela, eta denok dugula deskonektatzeko eta mundua ezagutzeko eskubidea. Baina zaila egiten zait Donostian gertatzen den guztia beste batzuei egozte hori, guk geuk antzeko dinamikak elikatzen ditugunean.
Horrek ez du esan nahi, jakina, arazoak existitzen ez direnik: etxebizitzaren gaia hor dago, espazio publikoaren erabileraren inguruko desadostasunak ere hor daude, eta hiri batek bisitari gehiegi hartzetik eratortzen diren ondorio nabarmenak ere bai. Baina turista indibiduala errudun bihurtzeak ez garamatza inora; eta geuk normaltasun osoz egiten duguna beste batzuei leporatzea ez da bidezkoa.
Bestalde, Donostiak ezin du bere historia turismorik gabe ulertu. Hiri honek urte luzez jaso izan du bisitarien ekarpena: turismoak lana sortu du, jarduera ekonomikoa sustatu du eta Donostia munduan kokatzen lagundu du. Familia askoren bizimodua, zuzenean edo zeharka, turismoari lotuta dago gaur egun ere. Horregatik, turismoaz arazo huts gisa hitz egiteak errealitatearen beste zati handi bat alde batera uztea dakar.
Ez dut uste arazoaren irtenbidea mutur batean ala bestean dagoenik; turismoa edozein preziotan sustatzea ez da soluzioa, ezta bisitariak arazo guztien erantzule eta errudun egitea ere. Hiri batek kudeatu behar ditu bere arrakastaren ondorioak. Eta kontuan izanda mundua ezagutzeko zaletasuna guzti-guztiok dugula, ongi ikusi beharko genuke munduan zeharreko jendeak –beharbada, jende gehiegik– gure hiria zein ederra den egiaztatu nahi izatea, guk edertasun hori egiaztatu ahal izan dugun (eta egiaztatzen dugun) moduan hor zehar ibili (eta ibiltzen) garen aldiro.
Azken batean, Donostiak ez du aukeratu behar turismoaren eta bertakoen bizi kalitatearen artean. Erronka biak egoki uztartzea da. Hiri heldu batek bere arazoei aurre egiten die, baita bere indarguneak zaindu ere. Agian, besteak seinalatu aurretik, ez legoke gaizki geure buruari galdetzea zer egiten dugun guk geuk asteburu luze bat iritsi orduko.

