Donostiak badu ardura larrialdi ekologikoan
Aldaketaldia pasa berri den honetan –bertan aipatzen da maila lokalean egindakoak planetan duen eragina– azpimarratu beharra dago Donostiak eta donostiarrok badugula ardura larrialdi ekologikoan, badaukagula zer aldatu ondorengoei utziko diegun mundua bizigarria izan dadin.
Alde desberdinetatik aztertu daiteke eragin hau, baina hondakinen gaiari helduko diogu. Donostian martxan jarri berria da erraustegia; honek, besteak beste, funtzionamendu normalean urtean 200.000 tona CO2, 250 tona NOx isuriko ditu atmosferara, bata eta bestea klima aldaketaren eragile nagusiak. Baina oraingoz funtzionamendua ez da normala izan; urtebetean, hesitik kanpora jakin denez, hiru sute izan ditu eta Arkaitzerrekako bizitza suntsitu du. Inork ez du azaldu zer isuri den eta zenbat gertaera hauetan.
Honekin lotuta Donostiako hiri hondakinen gaikako bilketa aipatu behar da. Diputazioak emandako datuen arabera 2019an Donostia izan da Gipuzkoako herrien artean biztanleko errefus gehien sortu duena: 288 kg. Eta materia organiko gutxien bildu duena: 36 kg biztanleko, Gipuzkoako erdia baino gutxiago. 2015-2019ko tartean, Gipuzkoako errefusa %14 gutxitu da, baina Donostiakoa %6 handitu da. Beste datu asko eman daitezke, zein baino zein okerragoa.
Egoera honen ardura nagusia udalarena da eta beste maila batean ostalaritza establezimendu eta denda batzuena. Adibide txarrena, ez bakarra, Mc Donald’s-ena da. Bretxakoak astean 100 poltsa errefus ateratzen ditu, janaria, plastikoa, kartoia nahastuta. Udalak hori badaki, baina ez du egoera aldatzeko neurririk hartzen. Bitartean Eneko Goiaren Udal Gobernuan Ekologia zinegotzi den Marisol Garmendia pozik dago emaitzekin: gauzak ondo egiten eta emaitzak hobetzen ari omen dira. Halere, Cristina Enea Fundazioak, udalak sustatutakoa, urteko txostenean aipatu ditu hondakinen bilketan dauden akats larriak eta hobetzeko neurrien beharra.
2015-2021 tartean lau zinegotzi desberdin pasa dira kargu horretatik, baina guztiengan nabaritu da ezer ez aldatzeko interesa. Honek badu azalpena: Donostian 2019an sortutako 53.000 tona errefus horiek erregai ezin hobea dira erraustegiarentzat. Eraiki dute, martxan jarri eta orain elikatu egin behar, eta ezin da errefusa murriztu. Gipuzkoako herri gehienek 100 kg-ra heltzen ez direnez, ezin justifikatu, ezin elikatu erraustegia. Beraz, erraustegiak Donostia behar du!