'Donostiako Marranak'
Arimei bidea behin argituta, kandelak itzali egin dituzte eta haurrek gorde dituzte kalabazak, datorren Gau Beltzerako. Bueltan da gaua eta hilerrietako loreak hiltzen hasiko dira, horiek ere. Baina heriotza ez da desagertu. Eta eskerrak.
Urteko garai honek heriotzarekin konektatzen nau bete-betean, eta ospakizun honek bere helburuak betetzen ditu nire moduko pertsonekin. Txikitatik sinesten dut heriotza iristean zulo beltz infinitu eta amaigabe batek jasoko nauela, eta horrek beldur handia eragiten dit. Horregatik, heriotzara eta nire hildakoetara gerturatzen nauen edozerk ondo sentiarazten nau, bakarrik baino, nukleo edo familia baten parte naizela gogorarazten didalako.
Nik Arimen Gauaz sakonki disfrutatzen dut: etxean intsentsua eta kandelak jartzen dizkiet nire familiarren eta lagunen argazkiei —argitasuna emateko baino, nire erritualaren parte delako—, eta Altzako hilerrira joaten naiz, nire Atorrasagasti familia bisitatzera. Eurek duten harrizko sabaian eseri egiten naiz, eta zigarrotxo bat biltzen dudan bitartean, izen guztiak irakurtzen ditut, datak aztertuz, eta nire birraitona Erasmo eta birramona Petra irudikatuz. Herrerako bizilagunen batek irakurriko balitu lerro hauek eta nire familiak zuen mertzeriaz gogoratu balitz, deitu hedabide honetara, gustura asko hartuko bainuke kafe goxo bat, belaunaldi horietaz mintzatzen garen bitartean.
«Posible izango litzateke familia diren lagunekin nitxo bat partekatzea?»
Askotan pentsatzen dut, hiltzean, zer egingo ote dudan nire errautsekin, zer erabaki bizirik nagoen bitarte honetan. Inguruan hainbat ideia entzuten ditut: itsasoan edo errekan jaurti, edo zuhaitz bat landatu eta bertan sakabanatu, besteak beste. Pertsonalki, naturara buelta egitea oso ondo iruditzen zait, oso existentziala. Ondo.
Baina, nik iluntasun amaigabe horri panikoa diodanez, lagungarria egiten zait irudikatzea nire familia elkarrekin dagoela Altzan, eta zirkularki amaitzen dudala bizia: jaio naizen tokian, hil. Erabaki pertsonalak dira oso, baina gustatuko litzaidake gai hau arintasunez jorratzea lagunekin ardo edo txokolate taza batzuen bueltan. Posible izango litzateke familia diren lagunekin nitxo bat partekatzea? Bidaia batez gozatzeko egiten dugun moduan, hilero dirutxo bat aurreztu dezakegu, eta gure etorkizuneko etxetxoari Donostiako Marranak deitu ahal diogu. Ziurrenik, hiri honetan etxe bat alokatzea baino merkeagoa izango da.
Tira. Benetan da inportantea bizirik gauden bitartean heriotzaz hitz egitea. Ez dezagun jarraitu bihurtzen heriotza tabu kutre hau, eta jarrai dezagun ospatzen gureak gurekin izan ditugula, maitasun hori heriotza bera baino infinituagoa dela.


