Donostiako Parte Zaharreko datuak
Ekainaren 11n, Donostiako Udal Gobernuaren buletin ofiziala dirudien El Diario Vasco-k —berari soilik ematen baitizkiote honelako informazioak— artikulu bat argitaratu zuen, Parte Zaharrean ostalaritzaren alorrean egiten (omen) diren ikuskapenei buruz. Nire ustez, artikuluaren helburua zen erakustea udalak nolako lana egiten duen gure auzoa zaintzen. Bertan ematen dituzten datuei erreparatuta, ordea, eta kalkulu txiki batzuk tarteko, garbi ikusten da zein den benetan gure auzoan ematen den egoera:
“Se han efectuado más de dos centenares de inspecciones“, dio testuak. Eta izenburuan irakurtzen dugunez, “han realizado 185 actas por incumplimiento“, beraz gehien-gehienek ez dute indarrean dagoen araudia betetzen!
Terrazei buruz: 51 inspekzio, 39 akta (batzuk baimenik ez zutelako!)= %76,5ek ez dituzte arauak betetzen. Bestalde, 56 tabernatako biltegiak ikuskatu dira. Kontrolak egiten hasi direnetik, 24k legeztatzeko tramiteak hasi dituzte, beraz, legez kanpo egon dira martxan orain arte (baimenik gabeko terrazak dauden moduan), eta beste hamazazpi itxi egingo dituzte= %73k ez dituzte arauak betetzen. Hau da, establezimenduen hiru laurdenek ez dute legea betetzen.
Ondorio bakar bat atera daiteke: orain arte ez dutela beren lana egin, eta ondorioz, ostalaritzan dagoen inpunitate giroa dela nagusi gure auzoan
Azkenik, egun (eta gau) santu guztia —”las 24 horas de los 365 días del año“— auzoan sartuta pasatzen omen dute kontrol poliziala egiten, baina 2024ko lehenengo lau hilabeteetan edukieraren bederatzi inspekzio egin dituzte. Bederatzi soilik?! “Tanto las patrullas como los policías de paisano (…) son efectivos que detectan infracciones e informan a la UCOM“. Nora daude begira, bada, zapatetara?! Auzoan bizi garenok egunero ikusten ditugu arau hausteak: nonahi uzten dituzte terrazako altzariak edo botilez betetako kaxak, gauean, ostegunetatik aurrera, beti dago jende piloa kalean edaten, oihuka, eta taberna batzuetan musika altuegi egoten da… Zaborra eta kartoia finkatuta duten ordutegia baino lehen ateratzen dute kalera edo auzoko edukiontzietara botatzen dute, boltsa erraldoietan, askotan trabatuta utziz, eta abar.
Eta sute asko sukaldeetan…
Egia baldin bada kontrol horiek egin direla, eta hainbeste arau hauste aurkitu baldin badira, ondorio bakar bat atera daiteke: orain arte ez dutela beren lana egin, eta ondorioz, ostalaritzan dagoen inpunitate giroa dela nagusi gure auzoan.