EAJ ahulduta Donostian
Igandean joera orokorrak berretsi ziren Donostian: EAJ behera, EH Bildu gora (bi kasuetan, aurreikusten zena baino gehiago) eta parte hartze erlatiboki apala. Kanpainak tonu gogorra hartu zuen, eta hirian, guztien gainetik, gai bat nabarmendu zen: hiriaren turistifikazioa.
Parte hartzeak behera egin zuen Hego Euskal Herrian, eta Donostian (Espainian ez bezala). Jaitsiera hori, dena den, erlatiboa izan da, 2020ko Legebiltzarrerako hauteskundeetako parte hartze baxutik (%50 ingurukoa) aldendu baita. Donostian, igandean bozkatzera deituta zeudenen ia %60ak eman zuen botoa, duela lau urte baino bost puntu gutxiago, eta Hego Euskal Herriko batez bestekotik aldendu gabe. Hirian ez da aktibazio orokorrik gertatu, beraz, baina alderdien emaitzen eta auzoen artean aldeak nabarmenak izan dira: 2019ko datuekin alderatuz, EAJk 10.000 boz utzi ditu bidean, eta EH Bilduk 3.000 irabazi. Gainontzekoak boto kopurutan mantendu direla esan daiteke, Elkarrekin Podemosek galera handiagoa (2.000 boto) eta alderdi sozialistak jaitsiera apalagoa (600) izan arren.
Auzoka behatuta, Bidebietan botoa %51k soilik eman zuen bitartean, Erdialdean, ia %70a joan zen hauteslekuetara. Gai zentrala da hau. Errentaren eta parte hartzearen arteko lotura ezaguna berretsi zen igandean; eta, horrekin batera, aztertu beharrekoa izango da zer gertatu den gazteen artean, sektore horretan EH Bilduren aldeko aktibazioa gertatu dela dirudi eta.
Boto duala, bere aldetik, oso garrantzitsua izan da Donostian: EAJk izan ezik, beste alderdiek boz gehiago eskuratu dituzte udalean Batzar Nagusietan baino: 200 Elkarrekin Podemosek, 460 EH Bilduk, 630 PSE-EEk, eta 900 PPk. EAJk, ordea, 2.200 boto gutxiago eskuratu ditu udalerako. Irabazi arren, datu honek zer pentsatua emango du jeltzaleen artean, eta baita EH Bildurekiko alde txikiak ere (1.200 boz).
Kanpainan turismoa gai zentrala izanda ere, EAJk azken egunetan EH Bildurekiko beldurra mobilizatu nahi izan du. Ahalegin horretan boto batzuk eskuratu arren, gai amortizatua dela uste dut: EH Bilduk ez du beldurrik eragin, Gipuzkoako emaitzek erakusten duten moduan.
Udalean, bada, jeltzaleen eta PSE-EEren arteko aliantza erosoa aurreikusten da, baina ez da ahaztu behar Madrildik etorriko diren haizeek, uztaileko deialdi sorpresarekin, ondorioak izango dituztela alderdien arteko harremanetan. EAJ-PSE aliantzak, gainera, botoak galdu ditu, eta Donostian eta Hego Euskal Herrian gorakorra den indar bat (EH Bildu) izango du aurrean. Hiriko eztabaida nagusietan eragina izango du horrek.