Efemerideak idazteko aukera
Konturatu gabe joan zaigu beste urte bat. Atzera begira jartzean, konturatzen gara ez direla gutxi hilabeteetan utzitako efemerideak. Etxeratze aginduarekin eta kalean maskararekin hasi genuen urtea, talde txikiekin eta ordutegiekin. Larrialdi egoerak ezarri dituzte, eta txertaketa dosi bikoitz-hirukoitzek babestu gaituzte. Txertodromo hitza asmatu dugu, baita ere.
Itxi dute Egiako tunela, eta bota zubibidea. Kontxa- ko pasealekua ezin da autoz pasa. Hortik ez da ikusten, baina uhartean eskultura garesti berri bat ikusteko aukera izan dute txanda hartu dutenek. Hortik ez da ikusten, baina Kontxa azpitik igaroko den metroak zuloak utzi ditu, etxeetan eta kaleetan.
Surik gabe, baina Piratekin ospatu dugu ere Aste Nagusia –denak ez zuen txarra izan behar!–. Jone Laspiurrek Goya bat irabazi du. Kontxako Bandera historian lehen aldiz etxean geratu da Donostia
Arraun Lagunaki esker, eta gizonezkoen Realak azkenean irabazi du kopa bat. Baina, berri triunfalistez gain, itxi dituzte saltoki eta tabernak (nahiko genituzkeenak baino gehiago) eta ireki dituzte berriak.
Denontzako izaten ari dira garai zailak, eta elkarrengandik gertu egoteko aukerak salbatzen gaitu hiri txiki honetan. Eta, horretarako, elkarren berri izatea ezinbestekoa da. Eta, horregatik saiatzen gara IRUTXULOKO HITZAn herritar guztien ahotsa entzuten eta entzunarazten. Gure komunitateari esker, urtez urte aurrera jarraitzen dugulako. Eta ez da gutxi.
Datorren urtean ez dakigu danborradarik edukiko dugun. Baina Korrika eta Euskaraldiak arnasa emango diote hiriko euskarari. Egoera makur honetan ere burua altxatu dezagun. Ez dakigu pandemia honek hobeak egingo gaituen, baina ziur efemerideak idazteko aukera ematen jarraituko digula; gazitik zein gozotik.