Egin
Etorkizunaren beldur garen gazteok zer sentitzen dugun esateko askatasuna nahi dugu. Edo, lehen pertsonan hitz egiteagatik, nahi dudala esango dut. Lehen aldiz lanpostu batean hasi eta deseroso sentitzean, ikasketak amaitu eta geroko zurrunbilo horretan aurkitzean, hainbeste norabideren aurrean egon eta sarrailadun atez jositako labirintoan ibiltzen hastean, nork esan diezaguke aurrerabidean egiten ditugun urratsak egokiak diren edo ez?
Gure gizartean, ingurukoen onarpena jasotzeko zain, itxaronean jarduten dugu. Hanka sartzeak haiengan sor lezakeen erreakzio ikaragarriaren beldur, gugan duten miresmena galduko ote duten, gaur egungo itxurazko perfekzioaren arabera, egiturazko ezarpenen mendeko arrakastaren bidean galdu egingo ote garen kezkati gabiltza.
Ikasketa akademikoetan, tituluak zeureganatzeko festa horretan, zure izenari balio gehigarria emango dioten ezagutzaren adar horien artean korrika hasterakoan, belarriak erne edukitzea eskatzen zaigu, gizartean eredugarri direnen garrasien oihartzunei arretaz jarduteko, begiak itxita mantentzea baldintza den bitartean. Halere, nork prestatzen gaitu, ikasitakoaren alorrean lanean hasi eta gustukoa ez zaizula sentitzean, zuri ez dagokizula onartzeko? Gizarteko zein oihuk adierazten digu, ordea, norabidetik noraezera igarotzean, hurrengo pausoari dagokion kokagunea? Non daude, orain, gizarteko adoretsuen argibideak?
«Ez gaituzte prestatzen begiak irekita arnas egiteko. Ez gaituztelako ereduen arau hausle nahi. Baina egin, zeure burua zigortzeari utzi behingoz, arren, eta egin».
Zuk nahi duzun bideari heltzean, begirada guztiak gainean dituzula sentitzen duzu. Hartzen duzun erabaki bakoitza, egi bilakatu aurretik, moralisten epaiketa batetik igaro eta, ondoren, baiezkoa jasotzearen baldin, eta soilik baldin, jarraitu ahal izango baituzu. Zure bizitzan, errespetagarri izan nahi baduzu behintzat, guztiak, puntuz puntu, epaileek zedarritzen dituzten legeetara mugatu behar duzulako.
Hortaz, gazte, hemen nire aholkua: ekin. Pentsatu, noski, baina zure bidea hori dela uste baduzu, hala sentitzen baduzu, egin. Zure buruaren epaile bilaka zaitez, eta ez gainontzekoen arau ustelen araberako errudun. Beldur izan zaitezke, nola ez, denok dugu zerbaitekiko ikara, ez baikaituzte prestatzen begiak irekita arnas egiteko. Ez gaituztelako ereduen arau hausle nahi. Baina egin, zeure burua zigortzeari utzi behingoz, arren, eta egin.

