Egunak
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Egunak berunezkoak balira bezala hasi zitzaizkigun bizkar gainera erortzen: gero eta astunago, gero eta berdinago, gero eta egunago. Bata bestearen kopia huts bilakatu zitzaizkigun astelehenak, astearteak eta asteazkenak. Ostegunetan arnasa hartzen genuen unibertsitate garaian, baina gaztaro eroaren ondoren itolarria sentitu genuen berriz zintzurrean. Orain ostiralei soilik sumatzen diegu freskotasuna. Eta egunak mozorrotzen hasi ginen: gure urtebetetze bilakatu genuen asteazken hori, edo bikote bezala jaio ginela gogorarazten digun astelehen hori. Baina urteko egun gehiegi geratzen ziren janzteke, biluzik, eta besteei ere arropa berriak aukeratu genizkien. Horrela jaio ziren zerbait gogoratzeko darabiltzagun egunak. Aste aberatsa egokitu zaigu honako hau. Emakumeenganako Indarkeria Desagertzeko Nazioarteko Eguna izan zen ostirala eta Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna da bihar. Egun batean aldarrikapenez beteko zaizkigu egunkariak eta telebistak, hotzikarak sentituko ditugu gorputzean urtea hasi zenetik indarkeria matxistak hildako emakumeen datuei begira; hiesdunek XXI. mendea iritsi arren jasan beharreko zailtasunekin gogoratzean. Baina pasa zen azaroaren 25a, eta oraindik aiztoz eta gaiztoz betetzen zaizkigu egunkariak; “bikote zoriontsua ziruditen” aldarrikatuko dute auzotarrek. Eta inork ez du txintik esango indarkeriaren azpian dauden ideien sareaz; inork ez du aipatuko joan zen larunbatean tabernako barra ertzean ezezkorik onartzen ez zuen mutil bat inguratu zela berriro baietz esateko gogorik ez zeukan neska batengana; inork ez du aipatuko berdintasuna aldarrikatzen duen gizarte honetan oraindik ere hezkuntza kultural ezberdina jasotzen dugula gizonok eta emakumeok. Pasako da abenduaren 1a, eta inork ez du pentsatuko bere auzoan bertan badela hiesak gaixotutakorik; izena entzun eta denok lotuko dugu drogarekin; ez dugu pentsatu ere egungo hurrengoak gu izan gaitezkeenik. Eta halaxe etorriko zaigu abenduaren 3a ere; eta denok jardungo gara Euskaraz –letra larriz, nola bestela?–, denok harrotuko gara Europako hizkuntza zaharrena omen den honekin, eta denok madarikatuko dugu hizkuntza txiki(tu)en patu ankerra. Baina gutxiri otuko zaie abenduaren 4an ere euskaraz jardutea.