Egunaren argitan
Gidari turistiko bat San Martin azokatik irteten, eta atzetik dozena bat turista, Kontxarako bidean. Urbieta kalean geldialdia. Abuztuaren 23ko goizaldeko istiluetatik astebetera, Zara-ko erakusleihoak hautsita jarraitzen du. Gidariak auskalo zer azaltzen duen bitartean, turistek argazkiak eta selfieak egiteari ekin diote. Edonork pentsatuko luke erakargarri turistiko berri bat dela. Horratx kapitalismoaren itzulipurdiak.
Baina, halako jarrera hutsaltzaileez harago, Donostian bizi dugun egoera zinez da kezkagarria. Zentzu honetan, zenbat punturi buruz gogoeta labur bat egin nahi nuke. Lehenik, udalean aurkeztutako adierazpen instituzionalei dagokienez. Izan ere, EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Donostiak abuztuaren 23an bertan adierazpen instituzional bat aurkeztu zuten eta EH Bilduk, beste bat. Azken honen inguruan, hainbat irakurketa partzial eta interesatu egin dira.
EH Bilduren testuaren edukia ulertzeko, lehenik eta behin, ezinbestekoa da testuaren beraren forma ulertzea. Gertakari zehatz batzuen harira, Donostiako Udaleko lau taldek adostutako adierazpen instituzionalaren alternatiba gisa aurkeztutako testua da. Izan ere, ulertzen baikenuen hark fokua irtenbide polizial soilean jartzen zuela. Biharamunean, eztabaida lehen orrialdera ekarri zuten El Diario Vasco edo Noticias de Gipuzkoa bezalako hedabideek, «EH Bilduk istiluen aurkako batasuna zapuztu du» gisako titularrekin.
Baina, zer diren gauzak, bestelako kritikak ere jaso zituen Donostiako EH Bilduk. Jon Delgado Aldabaldetrekuk orrialde hauetan egindakoak bezala. Ordezkatzen duen ildo politikoari jarraiki, soziologoak, besteak beste, poliziaren jarduera «normaltzat» jotzea eta onartzea, are, errepresioaren erantzule izatea egozten zion EH Bilduri. Zer eta, udalaren adierazpen instituzionalari erantzutean, ez genuelako «biolentzia poliziala» salatu.
EH Bilduren jarduna ez dago kontraesanetik salbu, ezta gutxiago ere. Ezin bestela izan, gutxieneko programen inguruan adostasunak sortuz, justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri independente baten alde dauden sektore eta pertsona guztiak bildu eta artikulatzeko bokazioa duen indarra izanik.
Horretarako, ezinbestekoa da unean uneko gure posizio politikoa zalantzan jartzen duen kritika oro eztabaidara eramatea, eta, batez ere, autokritikoa izatea. Baina, adierazpen instituzional baten alternatiba gisa aurkeztutako testua jarrera politiko oso bat bezala epaitzea burugabekeria da. Eta ekintza zehatz batzuk errefusatzea asmo zuen oharrak poliziari aipamenik egiten ez ziolako errepresioaren ardura egoztea, berriz, irakurketa politiko oportunista bezain delirantea da, ibilbide laburrekoa oso. Izan ere, hemerotekara jo besterik ez dago Donostiako EH Bilduk errepresioa eta polizia ezberdinen gehiegikerien aurrean agertu eta defendatu duen posizioaz ohartzeko.
Hala ere, kezkagarriena, oportunismoaren eskutik egiten duen populismoa da, arriskutsua. EH Bilduk, oharrean, ekintza zehatz batzuk errefusatu eta kaltetutako donostiarrei babesa eman asmo zien. Bada, azken esaldi hau dela eta, «multinazionalei gure kezka adierazi» izana egotzi digute. Parte batean ez da harritzekoa, hedabideek Zara, Lacoste edo Adolfo Dominguez saltokiak behin eta berriro agertu zituztelako. Ez dut ukatzen ETB iturri soziologiko aparta dela, baina errealitatea ez da telebistako pantailan, ez eta sare sozialetan kabitzen. Igande goiz hartan bizpahiru multinazionalek kalteak izan zituzten. Azken asteetan erasotuak izan diren establezimenduak, berriz, hamaika izan dira; eta hauetako asko eta asko langile xumeen ogibideak: Pantxika, Arkaizpe, Berriz, La Sevillana…
Gizarteak, eta bereziki gazteriak, pairatzen duen egoeraren egiazko erantzuleei gor egin eta errentagarritasun politikoa ateratzeko gezurrak erabiltzeak, aipagai ditugun istiluetan sortutako dinamikek bezala, autoritarismoari atea ireki besterik ez diote egiten. Eta gu antiautoritarioak gara, antifaxistak gara, askatasuna eta berdintasuna maite ditugu, eta zentzu honetan, komunitate-harremanak ahuldu eta hausten dituzten balio antisozialak borrokatzen jarraituko dugu, termino politiko eta ideologikoekin. Horretan dabil, eta ez beste ezertan, Donostiako EH Bildu.