Eguzkitako krema auto batean
Zutabe hau argitaratuko den egunean, bidaia baterako motxilarekin bueltaka ibiliko naiz, burua eta eramatekoak direnak ordenatzen saiatzen eta etxea hankaz gora jartzen. Ondoan, ahaztu ezin ditudan tramankuluen lista izango dut, txikitik handira: galtzerdiak, kuleroak, bularretako 1, kamiseta 4, praka 2, jertse 1, bainujantzia 1, lentillak eta lentillen likidoa, krema eta eguzkitako krema, betaurrekoak eta eguzkitako betaurrekoak, erabilera bakarreko ureko kamera analogikoa, nezeserra, liburua (Fer Rivasen Yo era un chico) eta Ibuprofeno, Antalgin, Lorazepam, Biodramina… badaezpada ere, badakizu.
Lau urte pasatu ditut hilero aurrezten oporraldi honetarako. Azkenean, iritsi da uztaila eta iritsi da aspalditik amesten gatozen 30 urtetako kuadrillako bidaia. Bi aste luze pasatuko ditugu elkarrekin bidaian taldeko bederatzi lagunek (haurdunaldi batek 10.a Euskal Herrian geratzea derrigortu du). Pare bat auto alokatu, eta alde batetik bestera ibiliko gara ezezaguna zaigun herrialde batean. Poltsikoko hiztegia erosi dut dagoeneko. Hain pozik.
Gure euskaldun/gipuzkoar/donostiar kultura honetan kuadrillismoari buruz sakon eztabaidatu dute adituek eta kalekoek, eta talde hauen irmotasuna eta izaera «itxia» kritikatua izan da. Askotan, ni neu izan naiz kexaka ibili dena, ez naiz orain gezurretan hasiko.
«Eta ni, beti nabilela familia aukeratuaren kanpaina eta alde egiten, nire betiko familia goraipatu nahi dut gaurkoan. Baketsua zait betiko lagunak familia aukeratuaren parte izatea ere»
Baina lagun talde honetako kideak nire ondoan egon dira beti eta aspalditik gatoz besteen plazetan dantzan: pare bat Parte Zaharreko haurtzaindegitik ezagutzen ditut, beste batzuekin Ibaetako Ibai ikastolako patioan jolastu naiz eta nire beste lagun kutunak Antiguako Luberri ikastetxean ezagutu ditut, 13 urtetxorekin. «Betikoak» edo «kuadrilla biologikoa» etiketa dutenak dira.
30 urteak ospatuko ditugu. Baita denbora bera ere. Nire gorputzaren memoria diren betiko lagun hauekin sortuko ditut etorkizuneko atzera begira guztiak. Desadostasunak eta ezusteak izango ditugu, eta hamalau egunetan izango ditugu haserretzeko tarteak eta desirak. Baina hori bera ere festa bat izango delakoan nago. Gu geu izango garelako festa hutsa, nerabezarora bi aste osoz bueltatzen –kurtso amaierako bidaiaren antzera–.
Eta ni, beti nabilela familia aukeratuaren kanpaina eta alde egiten, nire betiko familia goraipatu nahi dut gaurkoan. Baketsua zait betiko lagunak familia aukeratuaren parte izatea ere.
Jimena Amarilloren eta Hoferen estiloan, kotxean kantatzen oihu egingo dizuet: «Maitia(k) zu(r)ekin pasa nahi ditut egun guztiak».