Elkarrekin hamarrekoa
Hemen da berriz ere AB Krossa. Hemen da hamargarren aldiz Amara Berriko euskararen aldeko krosa. Berritsu euskara elkarteak lasterketa bat antolatzeko proposamena egin zuenetik, pasatu ditugu hamaika bizipen. Hasierako helburua kirola eta gure hizkuntza batuko zituen ekitaldi bat sortzea izan zen. Orain, urteak igaro ahala, korrika proba soil bat zena euskararen inguruko festa handi bat bilakatu da. Eta aurten ere horrela izango da, larunbat honetan ez da jai girorik faltako Amara Berri auzoan, eta hurbiltzen zareten guztiok, heldu zein ume, arratsalde eder batez gozatzeko aukera izango duzue.
Egungo korrika merkatu zoro eta aldakor honetan, mirari bat dirudi halako auzo lasterketa xume batek hainbeste urtez biziraun izana. Izan ere, gaur egungo lasterketa gehienak talde edo enpresa handien esku geratzen ari dira, eta ez dira gutxi azken urteotan galdu ditugun herri kros lagunak.
«Marrazo handien inguruan igerian dabilen arrain txiki bat da gure lasterketa. Hala ere, poztasunez esan dezakegu auzoan errotzea lortu dugula»
Marrazo handien inguruan igerian dabilen arrain txiki bat da gure lasterketa. Hala ere, poztasunez esan dezakegu, AB Krossa auzoan errotzea lortu dugula. Hasierako urte haietatik gauzak aldatu dira, eta orain sare sozialen erabilpena ezinbestekoa izan dugu, bizirik mantendu ez ezik, gure parte hartzaile kopurua eta familia handitu dadin. Ehunka kartel non-nahi itsastetik txio eta reels-ak sortzera pasatu gara, beti ere gure gertutasun izaerari eutsiz. Eta hor ere euskara dugu armarri nagusi; harrotasun handiz esan dezakegu komunikazio guztia euskara hutsean egiten duen proba bakanetakoa garela.
Bizirautea erronka handienetakoa da, noski, baina badira oraindik borrokan jarraitzeko beste hamaika helburu ere, parekidetasunaren aldarria probako alor guztietara eramatea horien artean. Poz handiz esan dezakegu asteburu honetan gizon-emakume arteko parte hartzea pare-parekoa izango dela, gauzak bide onetik doazenaren seinale.
Honengatik guztiagatik, bihotzez eskerrak eman nahiko nituzke urte hauetan guztietan lasterketa posible egin duzuen lagun guztioi. Hamar edizio betetzea ez da marka makala, eta hori zuei esker izan da. Eskerrik asko korrikalari, laguntzaile, ikusle… Eskerrik asko AB Krossako familia guztiari. Larunbat honetan egingo dugu Elkarrekin Hamarrekoa!