Eneko, publizitatea, gutxienez, gaztelaniazko hedabideetan adina
Donostiako Udalak publizitate eta komunikazio kanpaina instituzionalak batez ere erdal hedabideetan egiten ditu. Bildutako datuen arabera, 2021ean, kontratatu zituen kanpainen %6,43 besterik ez zituen euskarazko hedabideetan kontratatu. Bazterkeriazko eta pluraltasunaren aurkako egoera hori zuzentzeko eskatu diote Eneko Goia alkateari». Izan zitekeen albistegiek horrela abiatzea saioak, asaldatuta, baina ez, nahiago izan dute PPko zinegotzi batek eta Jaurlaritzako eledunak botatako gaiztakeriei oihartzuna eman, inoizko Korrikarik arrakastatsuenaren harira, helduen euskalduntzea behingoz doan izan dadin AEK-ko arduradunek egin duten eskaria estalita.
Euskararen Legeak aitortzen digu herritarroi informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea, eta betekizun zehatzak ezartzen dizkie erakundeei: batetik, hedabideetan euskararen presentzia areagotzeko neurriak hartzea, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino; eta, bestetik, erkidegoko hedabideetan euskara lehentasunez erabili dadin bultzatzea, bi hizkuntzen erabileren arteko berdintasuna ziurtatze aldera. Hain zuzen ere, tokiko hedabideek garrantzia estrategikoa dute hizkuntza gutxituen eta, oro har, jatorrizko hizkuntzen erabilera indartzeko eta berreskuratzeko prozesuetan. Euskarazko hedabideak nahitaezkoak ditugu gure hizkuntzan bizitzeko, euskarak pairatzen duen egoera gutxitua gainditzeko, baita gero eta euskaldun gehiago izan gaitezen ere.
Euskarak hedabideetan behar duen presentzia hori ere nahitaez lotu behar da publizitate eta komunikazio kanpaina publikoekin, erakundeen jardueraz informatzeko kanalak ere baitira. Baina, euskarazko hedabideetan publizitate instituzionala jartzeko beharkizuna pluraltasunaren irizpidetik ez ezik, bi hizkuntza ofizial dituen lurraldeko hiztun komunitate euskaldunari zerbitzu publiko berberak emateko obligaziotik ere eratortzen da. Gainera, publizitate hori hedabideen finantzabide ere bilakatu da, eta hedabide sareari indartsu eta dinamiko eusten laguntzeaz gain, pluraltasunari eta informazio eskubideari mesede egiten die.
Baina, legeak lege, Eneko Goiaren udal gobernuak Berria egunkarian baino ia hamalau aldiz publizitate gehiago jartzen du El Diario Vasco-n, eta Irutxuloko Hitza-n baino ia hogei aldiz gehiago. Datuek argi erakusten dutenez, udal gobernuak ez du bermatzen euskaraz informatzeko euskaldunok dugun eskubidea. Horregatik ere, EH Bilduren ustez, larria da udal gobernuak muzin egitea euskararen erabilera normalizatzeko euskarazko hedabideek egiten duten ekarpen handiari. Eneko Goiaren erabakiek ez diote batere mesederik egiten euskararen erabileraren garapenari, ezta informatzeko eskubideari ere, eta euskarazko tokiko kazetaritzaren homologazio profesional eta sozialari kalte egiten dio.
Horregatik, EH Bilduren ustez, Donostiako Udal Gobernuak bazterkeriazko kudeaketa hori eten egin behar du, eta, gutxienez, gaztelaniazko hedabideetan adina publizitate espazio kontratatu behar ditu hiriko eta herrialdeko euskarazko hedabideetan. Bide horretan, aurten, gutxienez bikoiztu egin beharko luke euskarazko hedabideetan jarriko duen publizitate kopurua, eta joera horri eutsi hurrengo urtean ere. Horixe eskatuko diogu hurrengo udalbatzarrean.