Energia (I)
Puri-purian dagoen esamoldea erabiliz, energia «erdigunean» jarri beharreko gai horietako bat dela esanez hasi beharko nuke idazlana, gure egunerokoan duen garrantziagatik. Izan ere, eta nolabait definitzearren, energia unibertsoko mugimendu oro ahalbidetzen duen zera hori da.
Historian zehar gizakion energia beharrak etengabe haziz joan dira, nagusiki, bi arrazoirengatik. Batetik, giza populazioa asko hazi delako, eta bestetik, gu gehienon bizimodua nabarmen aldatu delako. Kontua da egungo gure energia beharrak itzelak direla, eta haiek ase nahiak buruhauste franko eragiten digula.
Gai potoloekin ohi bezala, energia gogoeta, ikerketa, saiakera, liburu, hitzaldi… askoren protagonista da, eta, hortaz, ez da harritzekoa hari hainbat esaldi borobil eskaini izana.
Horietako bat da «jendarte baten ongizate maila duen energia kontsumoarekin neurtu daiteke». Lehen esandakoagatik ondorioztatu beharko genuke gure ongizate maila altua dela, nahiz eta gure arteko desberdintasunak makalak ez izan. Eta ongizateaz ez garenez inoiz aseko, pentsatzekoa da gure energia beharrek gora egingo dutela tai gabe. Azkenaldiko adibide bat jartzearren, hor dugu adimen artifiziala. Asko hobetuko omen du gure bizitza. Hori ikuskizun dago, baina ziurra dena da energia eskaera nabarmen handituko dela.
Beste esaera entzutetsu horietako batek honela dio: «Energia ez da ez sortzen ez ezabatzen, soilik eraldatzen». Horrek lasaitu beharko gintuzke, jakitean unibertsoan dugun energia kopurua hortxe egongo dela beti; ez zaigula inoiz faltako. Energia forma askotan dago, ordea, eta horietako batzuk, gaur gaurkoz, ez ditugu ustiagarri.
«Batetik, neure burua naturazale eta mendizaletzat edukita, ez nuke mendian ezer egitea nahi. Bestetik, oso kontzientziatuta nago klima aldaketaren arriskuekin. Zeinek du balantzan pisu gehien?»
Energia iturriak, halaber, askotarikoak dira, eta aro edo garai bakoitzean bat, edo batzuk, nagusitu egin dira. Egurra izango zen aurrenetakoa, eta gehien iraun duena. Gero etorriko ziren gainerakoak: harri ikatza, hidraulikoa, eolikoa, petrolioaren eratorriak, nuklearra, gasa, eta, azkenik, berriztagarriak.
Entzutea batere gogoko ez dugun beste esaera ospetsua da «kutsatzen ez duen energia bakarra kontsumitzen ez dena da». Horrek garbi adierazten du energia iturri guztiek alderdi txarren bat dutela, usu, ingurumenari ez ezik, izaki bizidunen osasunari ere lotua. Ekonomia ere sartu behar da ekuazio horretan, eta horrela ulertzen da nola ibili garen mota batetik bestera aldatzen, aipatu alderdi txarrak gutxitze aldera.
Orain nagusi ditugunek, petrolioaren eratorriak eta gasa, erregai fosil gisa erabilita, karbono ugari isurtzen dute atmosferara, klima aldaketa elikatuz. Hori dela eta, itxaropena jarria daukagu berriztagarrietan, baina, jakina, horiek ere txarretik badute zerbait. Haien kalteek ez dute airearen kutsadurarekin zerikusi zuzenik, bestelakoak baitira: paisaia itsustu, mendia industrializatu, hegazti mordoa akabatu, natur eta landa eremuak kaltetu, pista handiz landa lurrak zauritu…
Arazo horren aurrean nik bihotza erdibituta daukat. Batetik, neure burua naturazale eta mendizaletzat edukita, ez nuke mendian ezer egitea nahi. Bestetik, oso kontzientziatuta nago klima aldaketaren arriskuekin, eta horrek erregai fosilen erabilera gaitzestera narama. Zeinek du balantzan pisu gehien? Hortxe dago koxka.
Leku faltagatik hurrengo baterako utzi beharko dugu aukera horietako bakoitzaren alderdi onak eta txarrak aletzeko lana, Energia (eta II) artikuluan hain zuzen ere.