Energia trantsizioa: kontsumoa eta mikro/makro berriztagarriak
Pil-pilean dago gaia mundu osoan, eta, bereziki, Euskal Herrian. Egoera larria eta gaia garrantzitsua dela konturatu gara gehienok; baita ere, denon egin beharra dela ekarpenen bat egitea. Denok “galdu” beharko dugu zerbait gure ondorengoei bizitzeko moduko mundua uzteko. Aldi berean, garrantzitsua da energia sorkuntza deszentralizatzea, eta, ahal den neurrian, zero kilometroko energia sortu eta kontsumitzea. Ondoren, ideia soil batzuk planteatu nahi ditut eta ez soluzioak.
Hasteko, energia kontsumoa murriztea ezinbestekoa da, eta horretarako, denon inplikazioa behar da: herritar bakoitzetik hasi eta Volkswageneraino, Iberdrolaraino edo Petronorreraino; Euskal Herriko kontzeju txikienetik hasi eta Eusko Jaurlaritzaraino, Nafarroako Gobernuraino eta Espainia eta Frantziako gobernuetaraino. Noski, maila desberdinean, baina, guztiok garela arduradun jakitun izanik.
Murrizketa honen harira, hona ideia batzuk: industria prozesuak energetikoki optimizatzea eta, hala behar izanez gero, produkzioa gutxitzea. Esaterako, autoaren erabileraren murrizketa; horretarako erabiltzaileak kontzientziatzea, garraio publikoa indartzea, autoek erregaien kostu erreala ordaintzea (kutsadura barne), hirietako bizikleta alokatze moduko sistemen bidez kotxeak alokatzea, autoentzat azpiegitura berririk ez egitea… Hegazkin bidaiak murriztea; laburrak trenez edo autobusez eginez, eta, luzeak egin aurretik, bi aldiz pentsatuz zer eragin duten bidaia horiek. Diru publikorik ez erabiltzea aireportu, hegazkin fabrika edo erregaia diruz laguntzeko. Eraikuntzak behar bezala isolatzea: neguan berogailuaren erabilera 19 gradura eta udan aire egokituarena 27 gradura mugatzea, bai norberaren etxean, eta bai, eraikuntza publiko eta pribatuetan. Kaleen argiztapena mugimendu sentsoreen bidez kontrolatuta kontsumoa soilik ez, argi kutsadura ere murriztuko litzateke. Posible ote da kontsumoa erdira murriztea?
«Energia kontsumoa murriztea ezinbestekoa da, eta denon inplikazioa behar da: herritar bakoitzetik hasi eta Volkswagen, Iberdrola eta Petronorreraino»
Eta berriztagarrien sorkuntzari buruz, egun hauetan entzun da Euskal Herriko teilatu guztiak panelez estalita ere, soilik kontsumoaren %10a sortuko litzatekeela. Bada, has gaitezen, lehenbailehen, %10 hau sortzeko baliabideak jartzen! Sortu ditzagun EAEn eta Nafarroan energia banatzaile publikoak, zeinak sortzaile txikiak lagunduko dituzten, gaur egungo Iberdrolak oztopoak besterik ez ditu jartzen eta. Gainera, Euskal Herrian ez dira etxeak eta pabiloiak aukera bakarrak panelak jartzeko: hor daude ehunka autobide, tren biaduktu eta ezponda, orientazio egokiarekin erabil daitezkeenak. Egungo hainbat aparkamendu publiko, merkataritza guneetako aparkamendu, eta abar, panel fotovoltaikoz estali daitezkeenak. Hauek guztiak erabilita, beste %10 ez ote litzateke sortuko?
Duela egun gutxi, Neiker hasi omen da berriztagarriak eta nekazaritza nola uztartu ikertzen. Badira eguzkia asko maite ez duten barazki eta belarrak eta, ziur nago, abeltzaintzarako erabiltzen diren herri eta hiri inguruetako eremu askotan panelak jartzea, interesgarria izan daitekeela ingurumenarentzat, animalientzat eta abeltzainentzat. Beste %10 baietz!
Aerosorgailuei buruz ari zaizkigunean, beti, mendi gainetako dorre erraldoiez ari dira. Ez gara konturatzen Euskal Herriak 300 kilometroko itsasertza duela, eta hauetako asko urbanizatuta daudela. Itsas pasealekuek eta kaiek milaka mini aerosorgailu jartzeko gaitasuna dute; gainera, gaur egungo kale argien moduan ikusiko genituzke. Eta itsasertzez gain, ugari dira Euskal Herrian beste haize-leku urbanizatuak. Zergatik ez %10a horrela lortu.
Eta ideia hauek guztiak eta beste batzuk modu egokian martxan jarri ondoren, hala eta guztiz ere, ez dela nahikoa ikusiko bagenu, orduan pentsatu beharko litzateke, falta dena kanpotik ekarri edo, agian, berriztagarrien makroinstalazioren bat eraiki. Azkar eta ondo eman behar diren pauso zail hauen ondoren, herritarrek naturaltasunez onartuko dute honelako instalazioa.