Entzule aktiboak
Nik egin moduan, egongo da oporretan bere burua momentua bizitzera derrigortu eta begirada atzoan eta biharrean ez jartzeko zin egin dionik ere. Baina ezin. Badoa uztaila. Badator abuztua. Hogeita bi egun egin ditu uztailak hau idazten ari naizenean; alde egin dute zezenek Iruñeatik, karramarroek kaitik, eta Zipotzek eta Legamik ere agurtu dute Gros datorren urtera arte. Turistek ez. Horiek hemen jarraituko dute batek daki noiz arte.
Baina ez ditut horiek hizpide hartuko. Neure buruari unea bizitzeko zin egin nion bezala, zin egin nion artikulu honetan hitz tabuak bihurtuko nituela turistak, Airbnb, eta Woody Allen. Nahikoa entzun eta ikusi ditugu, eta haiek bezala, mainstream bihurtu gara gu ere hauek aipatzean.
Horiei izkin egin, eta uztailaren 14an kokatu nahiko nuke gogoa une batez -hemen ere, mainstream izanez-; egun hartan historikoa izan omen zen Berri Txarrak taldearen agur kontzertuan, Gorka Urbizu abeslariak begi, belarri eta ahoak irekiko zituen ondorengo aipuarekin agurtu zuen Kobetamendi: «Badakit jende gazte asko dagoela hemen, ez dakit dudatan zaudeten talde bat egin edo ez, gitarra hartu edo ez, nobela bat idatzi ala ez, dantza talde bat sortu ala ez. Entzule aktiboak behar ditu gure hizkuntzak. Bihar entsaio!». Bada hori, bihar entsaio.
Ziur naiz, baina, badabilela inguruko norbait sortze lanetan; badabilela gertuko norbait gorputza astintzen, boligrafoaren tinta koadernoan zehar zabaltzen, eztarria urratzen, eta hatzetako azala gitarraren soken aurka indarrez zanpatzen. Baina ez ditugu irakurtzen, entzuten, ikusten. Ez dakit egungo gizartearen errua den, edo erreferenteen maila altuegi ezarri dugun; izan liteke ere, ez dugula sormenarentzat tarterik hartu, edo ez digutela eman. Edo, beharbada sormenarentzat bai, baina hauek azaltzeko baliabideak izan ditugu faltan. Hala, egindakoak behin eta berriz errepikatuz, eta goraipatuz, pasa ditugu urteak; gureak tokirik ez duela sentituz.
Egia da, halaber, ez gabiltzala sormen eskasian eta badirela gurean lotsa zein ezintasunarekin hautsi, eta barrukoa askatuz plazak, orriak, ahotsak eta pantailak hartu dituztenak. Horretarako, gainera, ez dugu Kontxarik behar izan, ez eta bulebar itxirik ere; Euskal Herriko jatetxe onenetan jateko beharrik ere ez dugu, ez eta ongietorririk ere udaletxean. Entzule aktibo eta sinpleak gara gu. Baina badugu beste era bateko entzule aktibo behar duten horientzako aldarria: Woody Allen gutxiago, eta sormenari bide gehiago.
Tabutzat nuen izen hori orriratu dut azkenean, halakoa baita ezintasuna bera ere; kalanbre bat. Baina gora tabuak eta kalanbreak sormenari tarte egiten dioten bitartean. Abuztu aktibo on guztioi! Barruan leku gehiago gera dadin dela, baina zorionez, horrela, errazagoa da irtetea sartzea baino. Egin bultza!