'Erabakia'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Egia esan, egoerak ez zuen itxura onik. Lau porrot jarraian gehiegi ziren eta egutegiari so egiteak urduri jartzen gintuen. Alfonso Perez Coliseum-ean gu beti lehoien bazka. Astebete geroago Castello aldera eta han urpekari horia gure jokalariak hondoratzeko prest. Handik gutxira, Osasunaren aurkako derbya. Eta gero Bernabeura, liga desorekatu honen zirkoak kristau on eta zintzo mordoa behar baitu Cristianori eskaintzeko. Ez, ez zuen itxura onik. Lau porroten ostean, hodei beltz franko Anoetako zerumugan. Zerbait egi behar genuen. Zerbait egin behar zuten.
Eta agiri bat argitaratu zuten, argi baitzegoen realzaleok su-eten bat behar genuela.
Bai, ene lagunok, Madrilera iritsi zirenean gure jokalariek ondo asko zekiten zein zen bidali beharreko mezua. Horrela ezin genuen jarraitu eta mimo handiz prestatu zuten eszenaratzea. Dena zegoen ondo kalkulatuta. Eta txanorik gabe, gure ordezkariak agiria aurkezteari lotu zitzaien. Prietok suspensea jarri zuen eta ilegala izan beharko lukeen era batean jaurti zuen penaltya. Jarraian Griezmannek ikurrina musukatu zuen, jakina baita xehetasun estilistikoek garrantzi handia dutela. Eta bukatzeko, Aranburu kapitainak ahotsa goratu eta tinko hitz egin zuen.
Kitto! Bukatu da. Eta, gainera, gure erabakia orokorra, egiaztagarria eta iraunkorra da!
Ez zuen gezurrik esan, ez behintzat erabakiaren orokortasunari zegokionean, eragile guzti-guztiak txukun antzean aritu baitziren. Eta egiaztagarria ere izan zen. Agian ez nazioartean –oraindik urrun geratzen baitzaigu Europa Liga– baina behintzat Getafeko atezainak egiaztatu ahal izan zuen gure jokalariak ez zebiltzala txantxetan.
Orain soilik falta da jakitea ea hartutako bidea iraunkorra izango den ala ez. Nahiago nuke hala balitz! Hori bai, ez dakit zuek baina ni hurrengo agiriaren zain nago. Aldebakartasunarena, esaterako, ez zen oso argi geratu eta komenigarria litzateke hori ondo zehaztea.
Eta eskatzea libre denez, nik erabakia behin betikoa izatea eskatuko nieke.