Eraikin zahar batzuen erresistentzia
Martxoaren 8an, Antiguako Jakintza ikastolako hormaren zati txiki bat erori zen. Ez zuen eragozpen handirik eragin, baina Jakintzako ikasle eta familiek Erregezaintza kaleko sarreratik irten eta sartu behar izan zuten eskolara. Horma horrena bezala, Jakintza ikastolaren historia erresistentzia eta borroka historia izan da bere sorreratik. Aintzane Astiazaran andereñoak bost neska-mutilek osatutako talde bati eskolak ematen hasi zenetik, 40 urte beranduago, ikasle kopuruaren gorakadarekin, auzoko ikastola bi eraikinetan banatzeraino: Erregezaintza kalekoa eta Heriz pasealekukoa.
Suposatzen dut auzo bakoitzak bere auzoko gaiak izango dituela, aldiro-aldiro, denek edo ia denek noizbait atera duten gaia, komentatu dena, eztabaidatu dena eta ezerezean gelditu dena, baita ere. Jakintza ikastolako eraikinena da Antigua auzoko gai horietako bat. Noizean behin, mainstream-era (hirira) egin du salto bete-betean; gogora dezagun, adibidez, 2017ko ikasturte hasiera eta horrek eragin zuen auzotarren inplikazioa (Txantxa eskola). Izan ere, urte hartan, Erregezaintza kaleko eraikinean estaldura berria egiteko obrek sortutako kalte eta eragozpenak zirela eta, irailean, klaseak aurreikusitakoa baino astebete beranduago hasi zituzten haurrek. Instituzioen utzikeria salatuz, «aurrerapauso guztiak Jakintza ikastolako komunitatearen presioaren ondorioz eman dira», adierazi zuen orduan Jakintza ikastolako Ordezkaritza Organo Gorenak, prentsaurrekoan. Badirudi, Jakintzako eraikinen gai honetan, hobekuntza guztien jatorria berbera dela eta ikastolako inguruaren presio, lan eta ahaleginekin egiten direla.
Inoiz iritsiko ez den eraikin berri baten esperoan, Jakintzak jarraituko du ikasleek bizitza auzoan egin dezaten; eraikin zahar horietan erresistentzia koloretsua egiten
Betiko historia da, erresistentziarena, erregimen frankistak jarritakoa hasiera batean, baina baita utzikeria instituzionalarena ere. Jakintza ikastolak erabiliko zituen eraikinak auzoko askok egindako ahalegin fisikoari, psikikoari eta ekonomikoari esker lortu ziren, hainbat etxebizitza, areto eta gela erabili ziren gaur egun dauden eraikinak lortzeko. Eta egungo eraikinek karisma dute, bai, baina eskola kirolean beste ikastetxe batzuetara joatea tokatzen zitzaigunetik, konturatzen ginen guk ez genituela haien patioak, instalazioak eta horma koloretsuak. Uste dut, noizbait, gauza bera gertatu zaigula Jakintzako ikasle ohi guztioi. Eskolara itzultzen garen bakoitzean, zerbait aldatu da, hobera egin du, eta «ala!» oihukatzen dugu, «ze polita dagoen patioa!». Hori da eraikin zahar batek duen abantailarik onena: gutxirekin asko hobetzen dela. Era berean, pentsatzen hasten zara, nostalgiaz, nolakoa zen eraikina zu eskolan zeundenean, orain dituen kolorerik gabe (horma margotuak, pinturak nonahi), patio estalia, bainu berriak, bizipozaren pasabidea, eta abar. Eta esaten duzu: aiama.
Eraikin guztiak hobetzen dira, noski. Baina eraikin zaharrenetan adabakiak jartzen dira, batez ere. Zergatik ez dute eskola publiko batzuek eraikin berririk? Galdera ona da, baina auzoko eskolen gainean beti dago dilema bera. Izan ere, alde batetik, logikoa den moduan, eskaera historikoa izan da Jakintzarentzako beste eraikin bat lortzea. Ordea, ez luke zentzurik auzoko eskola publikoa auzotik ateratzea. Horregatik, inoiz iritsiko ez den eraikin berri baten esperoan, Jakintzak jarraituko du ikasleek bizitza auzoan egin dezaten; eraikin zahar horietan erresistentzia koloretsua egiten.