'Erne!'
Bernabeuko Erregetako opariaren ostean, datorren igandean Realak aspaldian izan duen partidarik garrantzitsuena jokatuko du. Gorantz egiteko, edota erdialdean, badaezpada ere behera begira egoteko norgehiagoka. Asteburukoa partida berezia izango da. Lehen itzulia dotore amaitzeko azken ukitua. 13an irabaziz gero, Deportivo, Realarengandik hamahiru puntura geratuko litzateke, eta bigarren itzulia puntu koltxoi ederrarekin hasiko luke taldeak. Nork dio hamahiru zenbaki txarra dela? 28 puntu. 45 lortzeko, bidaia erdia. Eta gero, gerokoak…
Baina kale eginez gero, zenbait realzaleren artean hain ohikoak diren mamuak azaldu daitezke: bi porrot jarraian Bartzelonaren bisitaren bezperan, taldearen ahuleziaren diskurtso ezaguna… Ez da oso aditua izan beharrik, iluntasun ezkorra gainditzeko modurik aproposena, garaipena dela esatea. Etorkizuna argitzeko aspirina. Oinazeak uxatzeko ukendua.
Taldea ubeldura bat baino gehiagorekin etxeratu zen igandean, Madrilen kolpe bat baino gehiago jaso baitzituen: Bernabeutik opari eder bat etxeratzeko aukera galdu izanaren amorrazioa, txartelen ondorioz jokalari batzuk datorren igandean ezin jokatzea, eta osasunez kili-kolo dabiltzan jokalari mordoxka… Hots, Real Madrili iragan partidaren atarian gertatzen zitzaion egoera antzekoa; zigortuta eta min hartutako jokalari bat baino gehiago… Beraz, igandekoa, erronka zaila izango da. Oso.
Iragan asteburuan gailegoek Malaga hartu zuten mendean nahiz eta andaluzek %60ko baloiaren jabetza izan. Aldatu egin da Domingos Paciencia entrenatzaile portugaldar berriarekin A Coruñakoen jokatzeko era. Arerioari ez diote ia arnas hartzen uzten; jokoa faltak eginaz mozten dute aurkaria majo nekatzeraino. Joan zen jardunaldian falta gehien egin zituen taldea izan zen (40). Ah, eta nahiz eta Lehen Mailako gol gehien jaso dituen taldea izan (39), kostako da Deportivoren atea zulatzea baldin eta atzean sartuta irteten badira. Ekonomikoki zein sailkapenean ahul egon ondoren, azken garaipenarekin asko indarberritu dira galiziarrak, eta aspaldiko partez, sailkapenaren zulotik atereaz eman nahi diote bukaera lehen itzuliari. Beraz, galiziarren entrenatzailea aintzat hartuz, igandean, pazientzia.