"Haurrak, ikas ezazue euskaraz mintzatzen"... Helduok oso lanpeturik gaude!
Haur eta gazteak zarete euskararen etorkizuna, helduok ez, bistan da (‘kar, kar’ txiki batez). Euskaraz mintzatzen ikas “dezazuen” matrikulatzen zaituztegu D ereduan, guraso batzuek gogoz, beste batzuek badaezpada. Ikastetxean, haur etxetik euskaldunak sakabanatuko zaituztete haur erdaldunen artean, horiei euskararako bidea errazteko. Ez du funtzionatzen, baina. Euskaldunek euskara bazterrera uztera behartuta ikusiko duzue zeuen burua, eta, beraz, erdaldunek ez dute euskaldunengandik laguntzarik jaso ahal izango.
Haur euskaldunak, kolpetik konturatuko zarete euskarak ez duela zuen ikaskideekin hitz egiteko balio (D ereduan ikasi arren guztiek), eta hobe duzuela gorde, zenbait ikaskideren isekak pairatu nahi ez badituzue. Zuetako batzuek sekulako kolpea hartuko duzue, zuen etxeko hizkuntza, irakaslearena bai, baina beste inorena ez dela konturatzean. Tira, pasako zaizue. Denborak sendatzen du dena (orbainak orbain).
Haur euskaldunen sakabanatze sistematikoa ohitura bihurtu da, eta ohiturak errespetatu behar dira, zein ulergaitz gertatzen diren ere. Ohitura bilakatu denez, guraso erdaldunek soilik ez, guraso euskaldun askok ere erdaraz egingo dugu gure artean, baina zakurrari eta etxeko txikiei (10-12 urteak bete arte) euskaraz egingo dizuegu, eta euskaraz egin dezazuen exijituko, sarri.
Euskarazko ETBn ez duzue saio interesgarririk aurkituko, baina. lasai, gaztelaniazko ETBn bai. Netflix, Disney eta halakoetan euskarazko eskaintzarik ez, baina gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez… Aspertu arte. Mugikorrean ordu luzez murgiltzen zaretelarik, euskarazko eduki erakargarririk nekez aurkituko duzue, baina gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez… Motxila betea. Euskarazko musika entzun nahi baduzue, beste bide batzuk jorratu beharko dituzue (Naiz irratia, Hala bedi…), EITBn musika ingelesez baita gehienbat, oso koxmepolittak gara!
Kiosko eta liburu denda gehienetan ez bilatu euskarazko komikirik, ez daude. Denda jakinetara jo beharko duzue horien bila. “Euskal” denda horietan aurkituko dituzue euskarazko ale batzuk, erdarazko eskaintza askoz zabalagoaren artean.
Hedabideak soilik ez. Kaleko paisaia ere erdaraz daukazue %90ean, eta horrek lagunduko dizue ulertzen gizarte honetan euskaldunon tokia zein den. Ez dizue inork azaldu? Nomelopuedodecreer! Bigarren mailako herritarrak gara gure herrian, bai.
Hori da (ez) dagoena. Ez daukazue batere erraz euskaraz elikatzea, baina guraso askok, euskalgintzak eta Eusko Jaurlaritzak berak, euskaraz egin dezazuen eskatuko dizuete sarritan. Eta zeregin (oso zail) horretan, laguntza gisa, urtean hiruzpalau ekitaldi handi antolatzen dituzte, horietan sikiera euskaraz estutasunik gabe egiteko aukera izan dezazuen. Eta hori soilik ez… Txapa eta pin polit askoak dauzkate prestatuta, bai zuentzat, bai zuen gurasoentzat ere, euskaraz egitera animatuz. Ez zarete kexatuko gero!
Baina, haurrok, euskaraz bizitzea ezinezkoa gertatzen bazaizue, ez kezkatu! “Aniztasunaren” hobe beharrez, gaztelaniaz edo frantsesez jardun dezakezue lasai asko. Euskal Herrian, oro har, “aniztasuna” eta “kulturartekotasuna” esaten baitzaio marokoarrek, sahararrek, errumaniarrek, portugaldarrek, galiziarrek, txinatarrek…. edo euskaldunek, Hegoaldean gaztelaniaz eta Iparraldean frantsesez egiteari. Baita D ereduko ikastetxeetan ere.
Badira heldu temoso batzuk, egoera hau deskribatzeko akulturazioa, asimilazioa, mendekotasuna edo hizkuntza ordezkapena bezalako hitz itsusiak darabiltzatenak, baina lasai berriro ere, gehienok koxmepolitak eta kultura hegemoniko zaleak gara eta!
Eta, finean, erdaraz bada ere, beti egin dezakezue “ongi pilotan eta oneski dantzatzen”.