Erresilientzia
Dagoeneko urtebete igaro da gatz eta piperrik gabeko existentzia mota arraro honi hasiera eman genionetik; iazko karnabalak ospatu genituenean dagoeneko COVID-19a gure artean zegoen, geuk jakin gabe ere; une horretan inauteri horiek denbora luzean egingo genituen azken ospakizun jendetsua izango zela esan baligute ez genuke sinistuko. Normaltasuna deituriko errealitate erlaxatuak oraindik aste batzuk iraungo zituen, baina gertu zegoen lagun eta senideak besarkatzeari uzteko ordua.
Urtebete, eta oraindik bide luzea dugu aurretik; itxialdia hasi zenean itxaropen zantzuak sentitu genituen, jendearen eskuzabaltasuna, osasun langileen ausardia eta konpromisoa, bizilagunen gertutasun eta beroa, zortzietako txalo zaparradak eta dantza saioak balkoietan… amesgaizto horretatik gizarte hobea jaioko zela pentsatzeak bederen alaitasun puntu bat mantentzeko indarra eskaini zigun.
Normaltasun berrian aurrera egiten ikasi dugun heinean, baina, gizarte hobe baten itxaropenak esku artetik ihes egin digu, haserrea, nekea eta goibeltasunari ateak irekiz. Hala, errutina gogor besarkatu dugu, Labiren agindu aldrebesak ulertzeko saiakeran huts egiten dugun bitartean; tabernak itxi, tabernak ireki, mugak itxi, mugak ireki, orain laranja, bihar gorri, kirola bai, ez, agian, golfera bai, ahaztu senideak bisitatzeaz, mahaian bildu zaitezte sei, lau, zortzi… egutegian hosto zimelak bailiran egunak pixkanaka agortzen ditugun bitartean, lana da aske sentitzeko bide bakarra, lanik badugu behintzat. Bitartean, ametsekin ur putzuetan urperatzen diren paperezko hegazkinak eraikitzen ditugu; udaberrian, agian; udan, beharbada; udazkenean, ziur; neguan, ai, neguan… etorkizunean begirada iltzaturik, oraina guztiz abandonatu dugu.
Txertoa gure salbatzaile bilakatu genuen, eta hark ere huts egin digu, oraina etengabe urruntzen den geroa bilakatzen baita atzerapen bakoitzarekin. Ez, ez dugu pozerako tarte handirik topatzen. Zoriontasuna gauza txikietan ezkutatzen dela esan ohi dute, eta txikiak izanagatik ere inoiz baino beharrezkoak bilakatu zaizkigu zoriontasun pilula horiek; asteburuetako pasioak maite duzun horrekin, kontzertu batera joateko aukera, urteko lehen eguzki izpien laztana, garagardo bat txikitako lagun horrekin, udaberriaren promesa dakarten mimosa loratuak, hondartzan lagunekin egindako bazkari inprobisatua, bizilagunak opari ekarritako gailetak, amonari bideo-deiez bidalitako azken musua…
Horregatik, iruditzen zait garrantzitsua dela norberari zoriontsu egiten dioten pilula txiki horiek identifikatu, jaso eta banatzeko esfortzua egitea, iluntasun eta gogaitasun garaiotan erresilientzia praktikatzea inoiz baino beharrezkoa dugulako; gutako bakoitzak ondokoari eguna alaitzeko ahalmena du txikiak diruditen keinu handi horiekin; beharbada, erresilientzia da egoera nazkagarri honetatik bizipoza galdu gabe ateratzen lagundu gaitzakeen arma indartsuena. Lagundu diezaiogun bada elkarri.