Erritualei buruz
Nire lagun mina ezkondu egingo da. Erabaki honek bere buruhausteak ekarri ditu, bera ez zela ezkonduko esan izan duelako gaztetatik, eta, azkenean, ilusioz dabil elkartzea prestatzen. Honek badu bere zentzua: aldaketei forma emateko eta etorkizunera begira jartzeko tresna izugarri eraginkorra da erritualarena.
Hala, hauek aldakuntzei bere tokia emateko balio dute —errotikoak direnak, batez ere—, eta bizitakoari bere lekutxoa emateko eta bide berriak zabaltzeko eraginkorrak dira. Horretarako, igande honetan ospatuko dugun San Joan gaua aproposa da oso. Izan ere, suak ez dio aldaketari erdizka geratzeko aukerarik ematen. Suak parean duena inguratu eta erre egiten du, ezerezean utziz, bertan zegoen iragana desagerraraziz eta hutsuneak etorkizunez betez.
Batzuek, San Joan gauean, sua piztu eta paper batean idazten dituzte idatzi beharrekoak. Gainetik kendu nahi dituzten oroitzapenak alde batetik, eta desio ditugun amets desiragarrienak, bestetik. Ondoren, bola batean pilatu, ondo estutu eta sutara botatzen dute. Papertxoak guztiz erre arte, zain geratzen dira gehienak, begira, adi, momentua plazerez disfrutatzen —hipnotikoa da sua—. Egoerari emozio gehiago gehitzeko, batzuek salto egiten dute; hiru, bost, zazpi bat aldiz.
Suak ez dio aldaketari erdizka geratzeko aukerarik ematen
Baina, haurtzaroan, nik ezinezkoa nuen suaren gainetik salto egitea: Zapatari frontoiaren ondoan zegoen belardi batean mugarik ezagutzen ez zuen sua prestatzen zuten auzotarrek. Nire kasuan, eskolako koadernoak erre egiten nituen bertan. Koadernoak eta agendak. Gogoan dut, behin, klasekide batek barkamena eskatzeko gutun bat idatzi zidala. Bullying-a egin zidan denboraldi batez, eta hura erre nuen —gutuna, ez klasekidea—, baita ere.
Nik nire barruan gorde nahi ez dudana erre egingo dut igande honetako San Joan suetan, eta nire izeba kutunari gutun bat idatziko diot. Ostean, gutuna suan erre eta paperezko errautsak bere txokoan botako ditut. Erritual honek oroitzapenez beteriko besarkada estuena bidaltzeko balioko dit, eta gainera, indarra hartuko dut, freskotasunez eraikitzeko etorkizuna.
Finean, bakoitzak erabaki dezala zer eta nola erritualizatu nahi duen. Igandera arte, Mentxu.