Errugbia noraezean
Donostiako errugbilariok noraezean ibiltzera kondenatuta gaude, denbora luzez inon lur hartu ezinik, ez baitago udal errugbi zelai esklusiborik hiri osoan. Egun, Puioko udal zelaian eta Anoetako mini estadioan dihardugu, biak udalaren jabetzakoak.
Puioko zelaiaren historia negargarria da. Hasiera batean, errugbiari eman zitzaion lehentasuna, baina proiektuan pixkanaka futbola sartu zuen udalak, eta kirol erregea zelaiaren jaun eta jabe egin zen. Udal errugbi zelai baten ametsa zapuztea gutxi balitz, ondoren ikusi genuen Puioko zelaia ezin daitekeela homologatu errugbi partidak jokatzeko: segurtasun-neurriak eta zelaiaren dimentsioak ez dira egokiak. Hitzik ez.
Horren ondorioz, Anoetako mini estadioa erabiltzen jarraitu behar izan genuen. Erabileragatik udalari alokairua ordaintzen diogu, futbol zelaietako bikoitza baino gehiago. Alokairu horren truke, kiratsa darion eta deskonposizioan dagoen zelai ustela eta erabat zaharkitutako aldagelak uzten dizkigu udalak. Alokairu horri, bestetik, instalazioen egoera kaskarragatik Errugbi Federazioek jarritako isunak gehitu behar zaizkie.
Horrela ibiltzea eta egoitza finkorik ez izateak, gure jardun guztiei kalte zuzena eragiten die. Oso zaila da errugbia sustatzea klub egitura sendoa eraikitzeko baliabiderik gabe, eta errugbiarentzako garrantzitsuak diren proiektu asko alde batera utzi behar izan ditugu, baliabide faltagatik.
Egoera negargarria da. Euskal Herri osoan ez dago klubik egoera horretan. Eskatzen dugun gauza bakarra da edozein kirol taldek behar duena: kirol-jarduna egiteko espazio aproposa, gure kasuan, hiriak ez duen udal errugbi zelaia. Gure proiektu soziala aurrera eraman ahal izateko egitura bat eskatzen dugu, gustukoa dugun horretan jarduteko egoitza duin bat, besterik ez.
Bigarren mailako hiritar moduan sentitzen gara, izan ere, udala prest agertu da Frantziako ligako finalerdien moduko ekitaldi jendetsuak gure hirira ekartzeko eta, bitartean, 300 errugbilari (ume, gazte zein heldu) baino gehiagoren beharrei entzungor egiten die. Agian ni naiz, baina badut sentsazioa hiri hau ez direla gu bezalako bigarren mailako hiritarrentzat eraikitzen ari eta, modu batean ala bestean, guztiok gabiltzala noraezean, errugbia bezala