Eskailerak
Hainbat gairen inguruko idazlan eta hitzaldietan, usu, esaldi arranditsu, borobilak ikus-entzuten ditugu: trantsizio energetikoa herritarren ongizate maila mantenduta edo areagotuta egingo da edo ez da egingo; klima aldaketari feminismotik aurrea egingo zaio edo ez zaio egingo; klima aldaketa gelditzeko edo iraultzeko, ezinbestean, gure ohiturak aldatu beharko ditugu; Etorkizuna euskaraz dator… Batzuk baieztapen hutsalak begitantzen zaizkit, baina beste batzuekin bat nator. Adibidez, aipatu horietatik azkenaurrekoarekin, edonork uler baitezake beti gauza bera eginez gero nekez alda daitekeela ezer. Bada, horixe hartuko dut hemen hizpide.
Ingurumenaren degradazioa kezka-iturri zaharra dut, eta, aipatutako esaldiaren berri izan nuenean, ekintzara pasatzea erabaki nuen. Hausnartzen hasita, garbi ikusi nuen ingurumena zaintzeko, besteak beste, energiaren kontsumoa murriztu behar dela, azken batean energia garbi bakarra kontsumitzen ez dena dela uste dudalako. Eta horretarako, jakina, ohiturak edota inertziak aldatu behar ditugu. Eta berehala galdera: zer egin nezake nik horretan laguntzeko?
Ordurako egina nuen garraio publikoaren aldeko hautua, mugatua nuen aisialdirako autoaren erabilera… Zein izan liteke hurrengo urratsa? Ur hotzez dutxatzeari gehitxo iritzita, aukera gutxi nuen. Baina bai, banuen bat: eskailerak oinez igotzea. Izan ere, ba al dakizu, irakurle, tramunkulu astun horrek, gure pisuarekin gainzamatuta, gora eta behera ibilita, zenbat energia beharko duen? Nik jakin ez dakit, baina egingo nuke asko dela. Eta halaxe hasi nintzen leku guztietan eskailerak oinez igotzen. Jaisten ez, ordea, jaistea belaunetarako txarra omen delako, eta mendizale beterano samarra izaki…
Nire aletxoa jartzen ari nintzelakoan pozik nenbilen, harik eta gogoeta batek zalantzati jarri ninduen arte: igogailua behean utzita eta etxera oinez igota, goragoko solairu batetik igogailua deituz gero, ez litzateke energiarik aurreztuko. Arraioa, nire ahaleginaren emaitza erdira-edo amilduta! Hala ere, berehala jaso nuen burua. %50eko eraginkortasuna ez zegoen batere gaizki; askoz handiagoa, adibidez, Europako estatuek beren epe luzeko egitasmotan lortzen dutena baino. Beraz, aurrera.
Txiroaren etxean pozak gutxi irauten omen duen era berean, luze gabe berriro ilundu zitzaidan kopeta: energia aurreztu bai, baina jarduera osasungarria ote da? Ez berehalakoan baina halako batean argitu nuen auzia. Anbulatorioan nire txandaren zain nengoela, horman eskegita zegoen afixan erreparatu nuen; bertan adin-tarte ezberdinetarako gomendatutako ariketa fisikoen zerrenda ikusgai zegoen. Niri zegokidanean, beste batzuren artean, eskailerak oinez igotzea zegoela ikusi nuen. Ederki, ondo ari nauk beraz nire kolkorako esanda lasaitu nintzen.
Batetik, asko ez bada ere, energia aurreztu, eta bestetik, ariketa osasungarria izan, neurean berretsita, hartutako bidetik aurrera egitea deliberatu nuen. Eta halaxe nabil, eta urte batzuk joan dira jada.
Bihitegia aleka betetzen dela esanda, orain lagun hurkoa adoretu beharko nuke hark ere gauza bera egiteko, baina ez dut egingo. Anje abeslari handiaren antzera, ni ere ari naiz neure erara hazia zabaltzen. Aleren bat lur emankorrean eroriko ahal da!
Orain artekoa ohitura aldaketa xume baten adibidea baino ez da izan. Asko dira arloak (ura, zaborra, papera, plastikoak…) eta, batean ez bada bestean, gehienok dugu, kontsumoa murrizte aldera, beraiekiko jarrera aldatzeko aukera.
Eta horretaz ari garela, ohitura aldaketa polita litzateke, egin beharreko guztia Administrazioari exijitu ordez, hari dagokiona egiteko eskatzea, baina norberak zerbait eginda. Gutxi gorabehera auzolana bezala: herritarrek eskulana jarri, eta udalak lanabesak eta materialak. Eta hamaiketakoa.