Gorka Etxeberria: 'Eskerrik asko Irutxuloko Hitza!'
Hasieratik harrapatu ninduen Hitzako proiektuak. Oarsoaldeko Hitza sortu zenean oroitzen dut lehenengo bi asteetan bizilagun guztiak jaso zutela Hitza. Horretarako, herritar talde batek banatu genituela egunkariak boluntario gisa oroitzen dut. Herriak sortutako proiektu bat zela ikusi genuen; herriarentzako beharrezko proiektu bat zela ikusi genuen. Harpidedun izan nintzen. Ikasle garaitan hainbat elkarrizketa egin zizkidaten, prentsaurreko bat antolatzen bagenuen, hantxe Hitza herriari gure berri emateko prest. Herriaren bozgorailua dela esan genezake.
Urteak pasa eta Orereta atzean utzi nuen Loiolara bizitzera joateko. Bertan, Loretopetik-eko kide izateko aukera sortu zitzaidan eta gustura egin izan ditut testuak. Nire barrua hustutzeko erabili izan ditut normalean eta nire ustez egin beharreko salaketak egiteko ere aukera eman dit. Pentsa, Marisol Garmendia IRUTXULOKO HITZAko irakurlea dela ikusi nuen. Edo Xabi Prietori mehatxua egin ostean penaltiak panenka eran ez botatzeko esanez, Carlos Vela bihurtu da taldeko jaurtitzaile. Mila kontakizun eta mila bizipen joan dira letra hauen artean.
Baina etxeen prezioen erruarengatik Loiola utzi eta Hernanira bizitzera joan naiz. Egia esan, etxeen prezioei esker Hernanira joan naiz bizitzera. Horregatik, nire ustez, ez du zentzurik Loretopetik-eko kide izaten segitzeak. Herritik egindako proiektu hau herriak egin behar du eta ni, jada, ez naiz herri honetakoa. Baina hemen naukazue behar nauzuenerako, bai kazetari, bai irakurle…
Eskerrak eman nahi dizkiot horregatik Irutxuloko Hitzako familia guztiari. Bai Aritz, Nerea, Karmele, Nagore, Estitxu, Agurtzane eta Kattalini. Baita Maitane, Olaia, Xabi eta Mikeli ere. Plazer bat izan da. Eta nola ez, irakurle guztiori ere eskerrik asko nire harrikadak irakurtzeagatik.
Zorte on zure bidean Hitza. Gero arte.
