'...Eskorbuto a las elecciones'
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Gehienek ezagutzen dugu 80. hamarkadako kanta hau. Rock Radical Vasco deituriko mugimenduko taldeek gai politiko eta sozialak kantatzen zituzten, batik bat. Baina musikaz idaztea ez da nire asmoa. Orduko letra askok gaurkotasun handia dute oraindik, 30 urte beranduago. Horren adibide, kanta hau. Nahiz testuingurua eta arrazoiak beste batzuk izan, egungo egoera politikorako balio du kanta honek.
Demokrazia baten oinarria boterea herriak duela omen da. Hori erakutsi ziguten ikastolan; baina, badakizue, Euskal Herriko ikastoletan ETAk prestatzen ditu testuliburuak. Herritarren bozekin, hautagai batzuk hautatu eta herriaren bozeramaile bihurtzen dira. Baina herritar batzuen bozei bozala jarri diete. Beraz, herritar batzuk ezingo dugu hauteskundeetan hautagairik hautatu. Beraz, hau ez da demokrazia.
Zezenen, flamenkoaren eta gerra-zikinaren estatu honetan, legeak agintarien nahietara egiten dituzte; Berlusconi asko dago Espainian. Betekizun batzuk eskatu zizkioten Ezker Abertzaleari, tartean, ETAren borroka gaitzestea, eta honek betekizun horiek bete ditu. Estatutu berri batzuk egin ditu ere aurrekoarekin hausteko intentzioarekin. Baina nik,oraindik ez diot Espainiako alderdi bati entzun tortura gaitzesten duela. Hori ez al da indarkeria? Hori bakarrik ez, Batasunako kideak daudela formazio berrian diote, eta horrek iraganarekin lotzen duela alderdi berria. Fraga ez al da Partido Popularreko kide? Nik ez dut inongo alderdiren ilegalizazioa eskatuko. Benetako demokrazian sinesten baitut, nahiz ez dudan sekula ezagutu.
Lehen arrazoirik ez zegoen Ezker Abertzalea legez kanpo uzteko, eta gaur egun arrazoirik ez dago legez kanpo uzteko. Bakoitzak erabaki behar du zein koloretako papertxoa sartu nahi duen metakrilatozko kutxatxoan, baina kolore guztiek eduki behar dituzte eskubide berdinak.
Ya no quedan mas cojones, Eskorbuto a las elecciones!