'Eskubide kontu bat da'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
«Lau besterik ez zarete». Euskal Telebistako bigarren katean duela egun gutxi egindako eztabaida batean, hitz horiek erabili zituen zezenketen aldeko gonbidatuetako batek, animalien eskubideen alde egin zuten mahaikideei aurre egiteko.
Zezenketen kontra gutxi batzuk daudela eta ohituraren izenean mantendu behar direla argudiatu zuten lagun horrek, berarekin lerrokatuta zeuden bi pertsonek eta publiko bezala joandako herritar batek. Eurak bai, eurak lau ziren.
Horregatik, agian, gaur egun lau enpresari, lau aberats eta lau bihozgabe besterik ez daudelako festa horren atzean, Illunbeko zezen plaza erdi hutsik egon zen iazko abuztuan, Aste Nagusia dela eta antolatutako zezenketetan –azkenak ote?–. Madrilgo egunkari batek errealitate hori ezkutatu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu; donostiar askok gogoan dute oraindik ABC-ren abuztuaren 14ko azala, guztiz manipulatuta. Argazki handi batekin ireki zuten, eta jende andana ikusten zen harmailetan, laguntzaileek bizkar gainean zeramatzaten toreatzaileen atzean, San Sebastian con la fiesta española izenburupean. Benetako argazkiak agerian utzi zuen amarrua; harmailak erdi hutsik zeuden.
Zezenketen aldekoek, hala ere, erdi hutsik ez, harmailak erdi beteta zeudela esango lukete orain, bereari eusteko eta, Donostian ere, zezenketek babes handia dutela frogatzeko. Oker egoten jarraituko lukete, baina; zezenketen afera ez baita kopuru kontu bat. Negozio arrakastatsua izango balitz ere ez luke lekurik izan beharko. Arrazoi sinple batengatik; eskubideak ez daude salgai, animalienak ere ez.