Esnatu lurra!
Hilabeteak daramatzagu auzoan «euskal» adjektiboa duten hainbat eta hainbat ekimen garatzen: plaza dantza tailerra («euskal» dantzak), «euskal» jaia Zipotz jaietako igandean, «euskal» instrumentuekin trikipoteoak… eta orain, «euskal» inauteriak ospatuko ditugu larunbatean.
Lehenagotik bazetorren hausnarketa izanagatik, «euskal» inauteriak ospatuko genituela erabaki genuenean, betiko zalantza suertatu zitzaigun: ez al dira ba orain arteko inauteriak (horiz jantzi ginenekoak, autotxokez jantzi ginenekoak edo gai zehatzik gabe kalera mozorrotuta atera ginenekoak) «euskal» izan? Erantzuna argia da, jakina baietz. Baina…
Lantzeko inauteriak erreferentzia gisa hartu genituenean aurtengo (eta oso posible da datozen urteetako) proposamena egiteko, bi ardatz genituen buruan. Batetik, Grosen, tamainako eraso gentrifikatzailea pairatzen ari den auzoan, beharrezkoa da euskal komunitatearen existentzia ikusaraztea. Kapitalismoak kultur homogeneotasuna eta herrien desagertzea du ondorio, geure hizkuntza eta kultura erasopean daude, alegia. Geure nortasuna aldarrikatzea, beraz, erresistentzia ariketa da.
Bil gaitezen arratsaldeko kalejiran eta ospa dezagun geure auzoaren eraikuntzan
beste urrats bat egin dugula. Esna dezagun lurra elkarrekin!
Bestetik, auzoa kohesionatzeko tresna gisa ulertzen ditugu jaiak eta bestelako ospakizunak. Aipatu erasoaren aurrean, komunitatearen eraikuntza ezinbestekoa da; ez soilik erasoaren aurrean behar bezalako defentsa egiteko (auzodefentsa), auzoak beharrezko dituen estruktura politikoen hazia ereiten hasteko baizik (auzobiet).
«Euskal» inauteriak ospatzea erabaki genuenean, inauterien esanahiari heltzea erabaki genuen; neguari agur esan eta lurra esnatzeko garaia eta ospakizuna, hortxe gakoa. Lantzeko inauterietan, gainera, beharrezko dugun kritika eta salaketarako elementuak baditugu: Ziripot herriaren kulturaren transmisorea, Zaldiko eta Miel Otxin lapur eta zapaltzaile maltzurrak, maltzurrak zigortu eta Miel Otxin erretzen duten bitartean dantza egiten duten txantxoak…
Grosen baditugu hamaika motibo lapur eta zapaltzaileak salatu eta zigortzeko. Azken erasoaldi basatia BCCk Manteoko zelaigunean egin duen sarraski ekologikoa. Honen aurka mozorrotuko gara larunbatean, honengatik esnatuko dugu lurra. Haiek lurra birrintzen duten bitartean, guk etorkizun haziak landatuko ditugu.
Atera gaitezen, bada, Groseko bizilagunok larunbat honetan kalera mozorrotuta (nahi bezala), bil gaitezen arratsaldeko kalejiran eta ospa dezagun geure auzoaren eraikuntzan beste urrats bat egin dugula.
Esna dezagun lurra elkarrekin!