Esneketariarena
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Esneketaria La Rosaleda futbol zelaira iritsi da, esneontzia buruan eta ezkerreko eskua aldakan jarrita. Ez, ez du Realak galtzea nahi. Alabaina, esneketaria realzalea ez ezik errealista ere bada, eta jakin badaki taldeak ez duela etxetik kanpo ondo funtzionatzen, ahula dela oso, arerioak estutzen hasi bezain pronto desegin egiten dela gurina zartaginean nola. Eta talde ahula baita, esneketariak jakin badaki gaur jai duela Realak. Malaga talde txukun askoa da, primerako entrenatzailea duena. Pellegrini jauna. Benetako luxua. Realak, ordea, entrenatzaile hits bat dauka, gauza arraroak egiten dituena, Pardo zelairatu beharrean Markel ateratzen duena, Ifrani gorrotoa diona. Esneketariaren ustez Ifranek jokatu beharko luke beti. Baita Velak ere. Eta Choryk. Eta Griezmmanek. Eta Zuruk. Eta Illarrak, Pardorekin batera… Antza, Montanierrek gaur aterako du esneketariak amesten duen zelai erdia. Non eta zelai zail honetan, Champions-eko talde baten aurka. Zertarako? Hondora daitezen. Emaitzek arrazoia eman diezaioten. Bai, gerrara bidaliko ditu, aldez aurretik galdutako gerra batera, eta inor ez da harrituko, Kordobako porrotaz inor harritu ez zen bezala… Eskerrak Anoetan esne-mamitan egon diren… Baina hori ere bukatu da. Saldu ziguten kalitatea kea baino ez zen. Kanpoan galdu eta etxean irabazi ez… zulorako bidea da. Eta esneketariak ez du zulora joan nahi. Horregatik gaur Realak galdu egingo du. Eta Rayoren kontra ez du irabaziko. Ezta Osasunaren kontra ere…Eta entrenatzailea aldatu beharko dute… Eta behar bezalako entrenatzaile bat ekarriko dute. Deskuiduan Emery bera… Eta hurrengoan Nou Campera joango gara beste aldarte batekin, ez urtero bezala, urkamendira joango bagina bezala… Partida amaitu da La Rosaledan. Esnea harmailetako zoruan dago eta esneontzia txiki-txiki eginda, Prietoren golarekin batera emandako jauziaren ondorioz. Pozik dago, Realak irabazi duelako. Haatik poz mingotsa da esneketariarena. Ziurrenik esnea galdu duelako.