Esperimentuen jolasa
Esperimentu asko egiten ditugu, egunero. Goizeko ogi xerran osagai berriak probatzetik, kirol entrenamenduan berria den mugimendu/ariketa bat egitetik pasatu eta sare sozialetan erakutsi nahi dugun horren erakusleihoa ongi apaintzeraino.
Esperimentu batzuen parte gara, horien parte garela jakin gabe ere. Pasa de astean, gazteok azken bi hamarkadotan jasan dugun esperimentazio proba baten inguruan irakurri nuen. Noski, ez genekien proba horietan gure praktika «soziala» zelatatzen eta bideratzen ari zirenik. Ziberespazioaren mundua ez da egunerokoan antzematen dugun zerbait, baina gure bizimoduan bereziki eragin duen aspektua izan da.
Autobusera igo eta jendearen gehiengoa norbere pantailari begira ikusten dut, tabernan eta parkeko bankuan ere bai. Pantailaren beste aldean dauden pertsonak (influencer-ak izan ala ez) eredutzat hartzen ditugu (kasu batzuetan eredu kaltegarriak izan arren), gugan izan dezaketen eragina kontuan izan gabe: hizkuntza ohituretan, norberarekiko pertzepzioan, pantailaren beste aldean dagoena despertsonifikatzen…
Agian ez gara asko esperimentatzekoak, baina konturatu gabe eskuartean ia uneoro dugun telefonoak gure harremantzeko moduak aldatu eta esperimentatzera eraman gaitu, inolaz ere jakin gabe ere nora eramango gaituen molde berri honek. Harremantzeko modu hauen aldaketa kolektiboki eraikitzen joan gara, pentsatu gabe aldaketa egokia den edo ez. Egunerokoan erabiltzen ditugun gailu teknologikoek gure bizitzan aldaketa suposatu dute, baina ez ditugu ondorioak zein diren planteatu, besterik gabe onartu ditugu.
Jakina, bizitza errealean esperimentuak egiten direnean ez dira, laborategietakoak bezala, proba eta akatsaren logikan sartzen. Bizitza errealeko saiakera oro aukeraketa batetik dator eta arrisku puntu hori ere badu. Ezin dugu «esperimentuetara jolastu» eta Mirakontxako hoteletan gaurik pasatu, Parte Zaharreko pintxo tabernak ere urrun daude jolas horren logikatik.