Esplotazioa ez doa oporretara
Udaren lehen seinaleak jasotzen hasi gara, eta ahal duenarentzat aisia eta atseden garaiaren sinonimo da. Buruari bueltaka, zaila da ulertzen soldatapeko lanean zeharo murgildutako sistema aseezin honetan, nolatan jaso ditzakegun aste batzuetako oporrak. Ez ahal doa hori enpresarien irabazi lege ororen aurka? Ez ahal dira oporrak funtsezkoak izango gure -eta egungo sistemaren- erreprodukzioa bermatzeko?
Egia esan, oinarrizko atseden denbora eskaintzen zaigula esango nuke nik, Irailean indarberriturik lanaren gurpil amaigabean murgiltzeko berriz ere. Soldatapeko edota hezkuntzako oporrek gutxi dute oparitik, eta asko bizi-eredu jakin bat ezartzetik, nire ustetan. Hala ere badira diferentziak; klase ertaina hondartzan den bitartean, proletariotza lanean da.
Zer esanik ez gazte jendeaz hitz egiten dugunean. Askok udan jai har dezaten, lanpostu horiek bete nahian kontratatzen dira langileriaren kapa zaurgarrienak, tartean, gazte asko. Badira ere turismoak bultzatutako eta udako sasoirako espreski sortutako lanetan murgiltzen diren gazteak ere. Udarako diru-iturri bila, edota urteko sarrera apurrei jarraipena emateko helburuz, gazteok betetzen ditugu hutsune horiek lan merkatuan.
Ekoizpena mantentzen laguntzen duten pagotxa gara gazteok. Soldata miserableak, kontratu gabeko lanak, ordu gehigarrien abusuak edota aldi-baterako lanak dira gure errealitate gordina. Izozki dendak, biltegi handiak, ostalaritza edota aisialdi taldeak dira besteak beste, horren erakusgarri. Eta hor ditugu, enpresa handi, txiki, bertako zein kanpotarrak, irabazi nahia balio nagusi gisa mahaigaineratzen, ekintzailetzaren izenean.
Udan adierazpen hauetaz ohartu ohi gara, baina hemen gainbehera etengabean dagoen eta berrantolatzen ari den sistema ekonomikoaren seinaleak ari gara ikusten. Babesgabe gaude, eta antolakuntza eraginkorrik gabe soldatapeko lanaren gurpil amaigabea betikotzeko arriskua handia da. «Hau da dagoena» topikoaren aurrean, auziaren larritasunaz jabetu, eraso bakoitza salatu, langileon arteko antolakuntza bultzatu eta lan munduko umiliazio orori erantzuna eman beharrean gaude.
Estatuan integratuta dagoen ezkerrak, gurpila astiroago, baina bultzatzen jarraitzeko eskatzen duen bitartean, erantzunak irmoa behar du izan, eta nire iritziz, antolakuntza komunista bultzatzean datza. Beste uda batez, oporraldietan lan egitea besterik geratzen ez zaigunoi, animorik beroenak. Momentuz ordea, esplotazioa behintzat, ez baitoa oporretan.