Estatua baten kakoa
Antonio Okendo Zandanegi Donostiako handienetako bat da. Donostian jaio eta A Coruñan hil, 62 urte zituelarik. Kultur etxea, kale baten izena, estatua Belle Epoque hiriaren erdian. Bizilagun gehienei ez die ezer esango bere izenak. Horixe gertatzen da oroitzapenak inprentatzen ditugunean. Gutxik dakite nor izan ziren Perujuantxo, Prim kriminala, Fermin Kalbeton potentatua edo Donostiako kale-izendegiak banatzen dituen erregeak. Eta, hala ere, kale izendegia ideologiaz beteta dago. Donostian Euskal Herriko beste leku batzuetan baino gehiago. Ugazabak, monarkak, bidelapurrak, konkistatzaileak eta militarrak. Batez ere, militarrak. Okendo almirantea bezala.
Okendoren estatuak mende bat baino gehiago darama gure artean. Marzial Agirrek eraiki zuen, 1894an. Aldez aurretik, 1866an, Donostiako Udalak Okendori kale baten izena eman zion. Baina erabaki hark txikiegia zirudien, bere handitasun militarreko gizon batentzat. Orduan erabaki zen estatua eraikitzea. Baina karlistaldia iritsi eta akordioa atzeratu egin zen. Gerra amaituta, proiektuari berriz heldu zioten. Eta Okendo hiriko gizonik maitatuena bihurtu zen.
Okendo urtero omentzen zuten. Fetitxea balitz bezala. Estatuan bi eskuekin agertzen den arren, errealitatean bat falta zitzaion, urruneko guduren batean galdua. Peter Panen ipuineko kapitainak bezala, Okendok kakoa zeukan eskuan. Eta, urtero, Corpus egunean, kakoa balkoira ateratzen zen, haren oroimena ohoratzeko. Baita hitzaldi batzuk bota ere. Baina festa horrek behera egin zuen. Eta zinegotziek, almirantea gurtzen jarraitzeko prest, kakoaren kopia bat egin eta urteroko jaia udaletxeko Udalbatzar aretora eramatea erabaki zuten. Zorionez, bertan behera utzi diren tradizioetako bat da. Eta espero dut lerro hauen bidez tradizioa ezagutzen duen irakurleren batek hura berreskuratzeko beharrik ez izatea.
Marzial Agirreri zazpi urte kostatu zitzaion estatua eraikitzea. Bere eraikuntzarako Mutrikuko eta Mallabiko harriak ekarri zituen. Eta Espainiako Itsas Ministerioak, beretako bat omendu behar zenez, kanoiak eraikitzeko erabili ez ziren bost tona brontze oparitu zizkion estatuari. Berarekin joan behar zuen testurako, zinegotziek Karmelo Etxegarai aukeratu zuten, eta hark lerro batzuk prestatu zituen. Baina, zentsore on gisa, Madrilgo Historia Akademiako kideek uko egin zioten proposamenari. Etxegaraik behin baino gehiagotan berregin behar izan zuen testua, Akademiaren oniritzia jaso arte, gaur erakusten den testuarekin.
Bizitza antzoki bat dela frogatu zen estatuaren inaugurazioan. Aukeratutako eguna 1894ko irailaren 12a izan zen, espainiar eta holandarren arteko borroka gogoangarri baten urteurrena. 1631n, Okendok eta bere 16 ontzik zuzendutako armada hispaniarrak, Adriaan Hans-en armadaren aurka borrokatu zen. Almirantearena garaile atera zen: holandarra garaitu eta 2.000 etsai hil zituen. Ohorezko egun handia. Baina estatua Bartzelonako lantegi batean zegoen oraindik. Amaitu gabe. Beraz, alkateak presaka igeltsuzko erreplika bat egiteko agindu zuen. Eta hori izan zen inauguratutakoa.
Testua, ordea, lehen egunetik jarri zuten. Espainia eta Erlijioa garaile. Lotsagarria hiriarentzat. Hau da azken 127 urteetan joera ugariko udalek partekatu duten testua: «Okendoko Antonio/ Itsas agintari aundiyari/ Itsas-gizon azkar/ Gudari bikañ/ Kristau fedestsua/ Españaren almena makurtzerakuan/ Sorterriyaren omena/ Eun gudetan eusten jakin zubana/ Jasotzen diyo maitasunezko/ Oroipen au seme ain/ Argidotarrari aintzez pozturik/ Donostiko iriyak 1577-1640».