Estitxu Zabala: 'Gure ikastolak batu gaitu'
Estitxu Zabala, kazetaria.
Anabel, Josune, Xabi eta Estitxu. Horiexek dira Ramoni eta Joxemariren lau seme-alaben izenak, euren artean zerikusi gutxi dutenak. Bakoitzak gure zaletasunak ditugu, eta gutxitan jartzen gara ados. Hori bai, guraso berdinak izateaz gain, baditugu batzen gaituzten bi kontu garrantzitsu, gure auzoa, Loiola, eta gure ikastola, Arantzazuko Ama.
Denak ikastola beretik igaro garen arren, oroitzapen desberdinak ditugu. Anabel ikastolako lehenengo belaunaldietakoa da, ni berriz, DBH egin zuen lehenengoetakoa. Josunek beti esaten du harro asko bere gelakoak izan zirela Parisera bidaia egin zuten lehenak; Xabi, berriz, gelako txintxoa omen zen, ez dakit asko sinesten diodan…
Lauetan gazteena izanik, askotan entzun dut ikastolan: «Zabala! Xabiren arreba!», edo antzeko zerbait. Ez dut sekula jakin ikastola beretik etxe bereko beste hiruren atzetik iristea ona edo txarra izan den, baina nik behintzat ikastolako oroitzapen on pila ditut: Santiago Mendira egindako eztakit zenbat irteera; beti azkenak izateagatik irakasle batek jarri zigun Txakurraren isatsa taldea ezizena; Santo Tomaserako egiten genituen txorimaloak; gure gelatik beti desagertzen zen arbeleko borragailu hura!; Maite Soroa matematikako irakaslearen «bat, bi eta hiru, txiton!» ospetsu hura; Teacher -en «piperraaaa» eta «one minit to finish…», Pottok euskarako azterketa hartan «Josunek esaten duelako» erantzun zuenekoa; autobusean haundiek beraien lekutik kentzeko «fuxki, fuxki» esaten zizutenekoa…eta nola ez, irteeretako gaueko diskoteka haietan, gustatzen zitzaizunarekin dantzatzeko aukera… izugarria!
Pena hartu nuen duela urte batzuk, Astigarragakoek eta Martutene eta Loiolakoek ez zutela elkarrekin ikasiko jakin nuenean. Nire gelako guapoa Astigarragakoa zen eta gelako guapa Loiolakoa (ni ez, noski); bereziena, berriz, Martutenekoa; eta xelebreena, Txominekoa. «Orain, urte berean jaiotako bailarako haurrek ez dute gela berean ikasiko!», pentsatu nuen, baina egia izango da ingurura egokitu behar izan duela ikastolak…
Banatzeko baino, batzeko balioko du biharko jaiak, eta Loiolako lau anai-arrebak bertan izango gara. Zorionak ikastola!